Hernanik 40 kilometro karratu eta 19.200 biztanle; Lasarte-Oriak 6 kilometro karratu eta 17.700 biztanle; Andoainek 27 kilometro karratu eta 14.300 biztanle; Urnietak 22 kilometro karratu eta 6.100 biztanle; Usurbilek 26 kilometro karratu eta 5.800 biztanle, eta Astigarragak 12 kilometro karratu eta 4.400 biztanle. Guztira 133 kilometro karratu eta 67.000 inguru biztanlek osatutako eskualdea dugu Buruntzaldea.
Euskal Herrian, gure eskualde hau, bertako sagardotegi kontzentrazioagatik da ezaguna. Garai batean, Arantzazuko Amabirjina, Aralarko Sanmiel, Urkiolako San Antonio... izaten ziren erromesen jomuga; gaur egun, aldiz, inguru hauetako sagardotegiak jasotzen dituzte
Euskal Herri osotik autobusez etorritako milaka “erromes”. Herri hauek, historikoki, hurbiltasunak sortutako harreman naturalak izan bazituzten ere, elkarlanerako bidea jorratzen 1998. urtean hasi zen. Bertako udalek sinatutako (Astigarraga ezik) hitzarmenaren bidez, herri hauetako kirol-instalakuntzetako bazkideek bailarako edozein kirol-instalazio edo zerbitzu erabiltzeko aukera eman zitzaigunean.
Geroztik ere udalok beste hainbat alorretan sinatu dituzte hitzarmenak, hala nola, euskara, hezkuntza, ingurumena... baina orokorrean, bakoitza bere aldetik ibili da, eta hainbat kasutan, bailara berekoak ez diren herriekin elkartuta. Horren adibide dugu, zabor bilketaren arloa, Andoain, Tolosaldeko mankomunitatean dago egun, eta beste bost herriak San Markos mankomunitatean, Donostia-Oarsoaldeko beste bost herrirekin batera.
Aurten, Buruntzaldeko kirol arloko elkarlan hitzarmena berritzea egokitzen zen, eta horrela egin zen uztailean Lasarte-Oriako udaletxean. Hitzarmen berri hau, aste honetan, irailaren batean, jarri da indarrean. Baina aurtengoak aipatzeko moduko ustekabeko bat ekarri du, eta ez da izan, azkenean Astigarragako herria ere bildu dela besteengana, baizik eta, Hernaniko Udalak ez duela hitzarmena sinatu. Horrela, jadanik Hernani kanpoan geratu da, eta horrek esan nahi du Buruntzaldeko gainontzeko kirol instalakuntzen erabiltzaileek Hernanin ordaindu egin beharko dugula sartzen garen bakoitzean, eta hernaniarrek ere berdin gainontzeko herrietan.
Hernaniko udalak hartutako erabaki honek alderdi guztien bedeinkazioa izan zuen (EB abstenitu egin zen), ez zen kontrako botorik izan, eta horretarako eman zuten arrazoia izan zen, Hernaniko erabiltzaileentzat ez dakarrela inolako onurarik hitzarmen honek, aldiz, bai hainbat eragozpen, gainontzeko herrietatik bertara joaten den herritar kopuru ugariagatik. “Chapeau” Hernani, hor pasa dituzue hamarren bat urte udaran Urnietako igerilekua erabiliz, eta orain, aire libreko igerileku berria eraiki duzuenean herrian, zeuontzako bakarrik gorde duzue. Hari beltza baino zaharrago da hau, hau da, arrain handiak nahi duena egiten duela txikiarekin, baina, hain aurrerakoi eta ezkertiar den herri batengandik beste moduko jokaera bat espero genuen.
Urnietan, hernaniar asko bizi da, guk ere ama bertakoa dugu, eta ez nuke horietako inor mindu nahi, baina batzuetan badirudi, hontzak arratoiari bezala begiratzen digutela. Ez dute behar bezala zaintzen bi herriak lotzen dituen hala moduzko bidegorria. Urumeako autobidea egiten denean ere, ez dakigu nola geratuko den bi herrien arteko oinezko bide naturala, hau da GI-131 errepide bazterretik doana. Baina obrak ikusirik ez dirudi interes berezirik dagoenik bi herrian arteko oinezkoen joan etorria errazteko. Eta hala moduzko pasabide bat uztea, ez da nahikoa.
Arazoak arazo, eta herri bakoitzak bere nortasuna galdu gabe, Buruntzaldearen aldeko apustu egiteak guztioi mesede egingo ligukeela konbentzituta nago. Pausoz-pauso hainbat arlotan gauzatzen joan daiteke, adibidez, zergatik ez sei herriak lotuko dituen autobus zerbitzu bat?
Buruntzaldea bai.