Gutxiena espero genuenean ustekabe ederra hartu dugu. Berrogeita gutxi urterekin, bat-batean joan egin zara. Ia egunero hortxe ikusten zintugun, eta gauetik goizera desagertu egin zara. Oraindik denbora gutxi pasa den arren, jadanik faltan botatzen zaitugu.
Azken urte hauetako zure bizitza, batzuentzat, bizitza eredugarria izan da, baina ziur, oso-oso gutxirentzat, eredu bizigarria. Hori bai, ezeren gainetik koherentzia aitortu behar zaizu, zure ibilbideak ondo baino hobeto frogatzen duenez. Hasiera gogorra izan zenuen, aitortu beharra dago, lagun bat zure begien aurrean hil zutelako erabaki baitzenuen politika munduan murgiltzea. Eta bukaeraraino leial izan zara zure buruari.
Jendaurrean maiz hitz egiten zenuen, egia borobilak esanez, batzuen aburuz; astakeri galantak beste batzuen ustetan. Noizbehinka, zure malaostia edo malaletxea, eta batzuetan giltzurruneko edo behazuneko harria ere bota beharrean iharduten zenuen. Ez zenuen inor hotz uzten.
Prentsari adierazpen ugari egiteko aukera eman zizuten. Duela urte pare bat, Kataluniako Avui egunkariari eginiko adierazpenetan, esaldi ahaztezina bota zenuen: “Con Franco vivíamos en paz”. Zugandik ez genuen gutxiago espero, hain kondenen zale izanagatik ere, zu bezalakoek ez baituzue Frankismoa kondenatzen, ezta kondenatuko ere. Hala ere, eta nire oroimenean itsatsita besterik dagoenez, jakin nahiko nuke, hori aipatu zenuenean, zein bakeri buruz ari ote zinen. Agian, garai hartan hildako milaka pertsonen bakeaz? Erbesteratuen bakeaz? Bide bazterretan lurperatutakoen bakeaz? Madrileko “direccion general de seguridad” delakoan, edo Euskal Herriko eta estatuko komisaldegietan torturatutakoen bakeaz? Dirudienez, hori guztia gertatzen zen bitartean zure etxean ondo bizi zineten.
Baita ere, hainbatetan entzun dugu zure ahotik, trantsizio eredugarria izan zela hemengoa. Eskuzabalak izan omen ginen guztiok. Denok batera, etorkizunari begira jarriaz, gure herri eta famili askotan jasandako putada guztiak jasan ondoren, justizia egiteari uko egin geniolako. Interesgarria da ordea, gaurko gazteek jakitea., ez zela horrela izan: hemen ez zela berezko eskuzabaltasunik izan, berriro ere, beste odol bainu baten mehatxua eginez (sableen soinuak, estatu kolpeak...) isilarazi zituztela justizia eskaera guztiak. Hemen, askok, bere amorrua irentsi, eta gainera, aurpegi ona jarri beharra izan zuela, militarrak berriro haserretu ez zitezen. Oraindik, eta horrenbeste urte igaro ondoren, ederki kostata ari dira bide ertzetan lurperatutako gorpuzkinak ateratzen. Estatuko hainbat herritan, bereziki zure alderdikideak agintean direnetan, “hirigintza arazoak” sortzen direla, edo antzeko argudio xelebreak erabiliz, hainbat udalek ez dute horretarako baimenik ematen.
Hildako haientzako ez zen, ez justiziarik, ez konponketarik, ez damurik...ezertxo ere izan. Ez zen egon gartzelatzerik, urrutiratzerik edo konpentsazio ekonomikorik. Besterik gabe, justiziarik gabe, hiltzaile haiek amnistiatuak izan ziren.
Azken urteetako “biktimarik” gorena izan zara.. Hori dela eta, hamaika omenaldi eta esker oneko keinu jasota joan zara. Aukeran gehiegitxo benetakoak izateko. Zure inguruak erabili egin izan zaitu. Eta gero, zeruraino igo zintuen jende berdinak lotsagabeki baztertu egin zaitu. Horrelakoa da bizitza. Benitok aspaldi kantatu zuen, “ustez lagunik handienak, eta aurrez ondo hitz eginaz...”.
Beti onenak joaten dira, eta orain zu. Zure inguruan ibiltzen ziren batzuk ere zurekin batera joan izan balira ez ginen askorik kexatuko, baina tira, ez dira joan, eta ez dira joango... Non zaude, zein larretan Maria San Gil PPko artzaina? “España ala hil” oihukatuz, mendi hegaletan gora, oroitzapen den gerora, ihesean joan zinena.
Onak izan! Irailean gehiago, akaso.