Kontsultak

Erabiltzailearen aurpegia Joxeba Lizeaga 2008ko eka. 4a, 18:12

Urnietako anbulategira, medikuaren kontsultara joango garen hurrengo aldian, mediku berriarekin topo egingo omen dugu. Azken hemezortzi urteetan mediku berdina izan dut, Jose Luis Paulin, eta zer esatea nahi duzue, bada, ni behintzat, oso gustura nengoela berarekin. Denok dakigu, medikua ona izan, edo ez hain ona izateaz gain, zein garrantzitsua den berarekin dugun harremana, tratua, elkar ezagutza, zein gaixotasun izan ditugun dakiena izatea, gure gorputzaren gune ahulak ezagutzen dituena. Atetik sartzen ikusi ordurako..., segurtasuna ematen du, zer esanik ez adineko pertsonei.

Hori dela eta, herritar batzuk sinadurak biltzen ibili dira, zeuden medikuak herrian gelditzeko eskatuz, baina badirudi Osakidetzak ez duela askorik baloratzen sendagilea eta gaixoaren arteko harreman hori, eta medikuetara jolastea erabaki duela. Azken hogei urteetan ez bezala, oposizioetara deitu ditu plaza finkorik gabe zeuden mediku guztiak, horien artean Urnietako hirurak. Dirudienez, Urnietako anbulategia lanerako toki gustagarria da (Donostiatik gertu, guardiarik egin beharrik ez...) eta oposizioetan aurreko postuak lortu dituztenak honako bidea hartu dute, nonbait. Beraz, gaixo gizarajooi ematen zaigun aukera bakarra da, aurrekoari eskerrak eta datorrenari ongi etorria ematea. Zoritxarrez, gai honetan ez da egin kontsultarik, herritarrok, kontsultan zein mediku nahi dugun kontsultatzeko.

Hori bai, etorkizuneko bidea markatuko digun kontsulta urriaren 25ean egingo omen da. Euskal Herrian ziklo zaharra agortu eta berriaren atarian omen gaude. Hala bedi. Baina, ba al dago aukera berrien aurrean gaudela pentsatzeko pisuzko arrazoirik? Nire ustez, ez. Alderdi abertzaleak zatituta eta inoiz baino ahulago daudenean jo du kukurrukua Ibarretxek. Badakigu amets egitea libre dela, eta batek baino gehiagok egingo zuela amets, eta kalkuluak egiten hasi, bide honetatik joanez gero askatuko direla loturik jarraitzen duten hainbat korapilo (erabakitzeko eskubidea, eta horren ondorioz, ETAren biolentzia, presoak, bizkartzainak, torturak...). Horixe, ametsak.

Kontsultak, egingo litzakeen kasuan, ez omen luke eragin juridikorik izango. Eta hori gutxi balitz, hauteskunde usain edo kirats nabarmenarekin dator. Lehenago ere izan gara ataka honetan, eta susmoa dut, puztu bezain azkar hustuko den globo baten aurrean gaudela.   
Larunbatean, Ibarretxe entzun nuenean, bere planteamenduak gizartearen babesik lortzen ez baldin badu, “etxera” joango dela esaten, pentsatu nuen, “honek laster izango dik nahiko denbora hain gustukoa duen bizikletan ibiltzeko”.

Hala ere, gehien kezkatzen nauena, historia guzti honen “kotoiaren froga” izango dena, zera da: Madrildik, gehienok susmatzen dugun moduan, kontsulta egitea debekatzen badute; kontsulta aldarrikatzen duten politikariek, zer egingo duten hurrengo egunean. Desobedientzia zibilaren bidea hartuko ote dute, edo agian gose greba egingo dute parlamentuan bertan, edo...?

Mediku kontsultara itzuliaz, “bizitzak hil egiten du” idatzi zuen poetak. Eta horrela da. Bidean, eta adinean aurrera joan ahala, tarteka, gure osasunak pott egiten du, eta orduan, aldi baterako edo betirako bizia aldatzen digun parentesi bat irekitzen da. Irakurle zintzo zaretenok, dagoeneko jabetuta izango zarete, aspaldian Hiazinto Fernandorenaren iritzi artikulurik ez dela argitaratu hemen. Kontsultaz-kontsulta ibili beharra egokitu zaio berari ere; eta Osakidetzak Donostian duen hotel batean egonaldi luze samarra egin ondoren, etxean da azken hilabetean. Orain, poliki-poliki osatzen hari da. Hiazinto, ez da bizitza eskaintzen dioten bezala onartzen dutenetakoa, eta ziur naiz dagoeneko zer esanik baduela, eta laster iritsiko dela eguna, berriro bere iritzi artikuluak irakurtzeko aukera izango duguna. Gu ongi etorria emateko prest gaude.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!