Futbol konparazioa eginez, hirigunetik kanpo bizi garenok, herriko lau auzoetan sakabanaturik, esan dezakegu Urnietako kornerrean bizi garela. Barkatuko didazue andoaindarrok, bi herrietako egiten den astekari honetan, beste hainbatetan bezala, oraingoan ere, urnietarrismoa praktikatzeagatik. Baina, gaur ere, begiak itxi, eta nostalgiaren besoetan eroririk, mendi, zelai eta baserriz jositako paraje ezin ederragoa osatzen duten Urnietako lau auzoak ikusi baititut.
Begiak ireki ezkero bestelakoa da, ordea, ikusten duguna. Oztaran eta Ergoien auzoak aldatu dituen Urumeako Autobidea, eta etorkizun laburrerako aurreikusten diren proiektuak (Abiadura Handiko Trena, pabilioiak, auzune berriak...) herri-buelta guztiz itxuraldatuko dutenak. Jadanik, hasi gara, goizean etxetik ateratzerakoan, gora begiratzen, baina, ez zer eguraldi izango ote dugun ikusteko, baizik, hondea makinen baten pala, buru gainean ote dugun jakiteko.
Instituzioen aldetik, indioen erreserba balira bezala hartzen dira hemengo baserritarrak. San Isidro egunean hamaiketakoa dohainik ematen zaie, eta gero edozein momentutan, baserria bera, edo lur-sailen bat desjabetu. Gaur egun hirigunetik kanpora bizitzeak, kasu askotan behintzat, esan nahi du, halako edo bestelako proiektu aurrera eramateko, goizago edo beranduago paretik kenduko zaituztela. Herritik gertuago edo urrutiago bizilekua izan, badago alderik, baina denbora kontua besterik ez da. Porlanaren lagun minek ez baitute inolako mugarik. Nahikoa da interes ekonomikoren bat tarteko izatea.
Urnietako Plan Orokor berria egite prozesuan da. Azkenean ez dakigu zertan geratuko den, baina lehen onarpena izandako proiektua, bere horretan gelditzen baldin bada, ez dugu etxe berrien faltarik izango herrian. Datozen hamar-hamabi urtetan, 1120 etxebizitza berri egitea aurrikusten baita bertan. Golf zelaia bakarrik faltako zaigu, Urnieta´Dor, izateko.
Badakigu azken urteetan exodo izugarria izan dela Donostiatik inguruko herrietara, horien artean Urnietara. Horrek, egin diren etxe berriak erraz saltzea ekarri du. Etorri den jende horrek hemen lo egiten du, baina kasu gehienetan, ez da bertan bizi. Ez da herri honetako herritarra. Horrek zer pentsatua eman beharko lieke agintariei. Arrisku handia baitugu, Donostiaren lotarako auzo bat izateko, eta gainera “kapitalak” behar dituen, eta bertan nahi ez dituen, hainbat zerbitzuen kokaleku. Beraz, aukeratu egin beharko da, herriko hazkuntza begetatiboa kontutan izanda, honen beharrak asetzeko adina etxebizitza egin, edota, kanpotarrentzako etxeak eta urbanizazioak egiten jarraitzearen artean.
Landa eremura itzuliz, lehen ere hemen aipatu izan dugu txanpinoien tunela. Aurreko ale batean, Jon Unanuek zioen bezala, niri ere onartezina iruditzen zait, Plan Orokor berrian, tunel horrek bere horretan jarraitzea. Lasartearrek beren lanak eginak dituzte, bidegorri txukuna egina baitute Lasartetik tuneleraino. Ibilbide ederra eta laua da. Hirurehun metro horiek falta dira Urnietarekin bat egiteko. Autobidearen hiru kilometro eskasak egiteko, bost baserri, hainbat ikuilu, negutegi, karobi, kobazulo, erreka, zuhaizti eta abar desagertarazi direnean, ulertezina egiten zait herritarren mesedetarako izango den tunel bat, erabilera publikora pasatzeko horrenbeste traba eta oztopo izatea.
Plan Orokor berriak, ingumenari lotuak dauden beste hainbat neurri hartzeko ere baliagarria izan beharko luke. Adibidez, errekak estaltzea debekatzeko; zuhaiztiak babesteko; azpiegiturak paisaian integratzea behartzeko; nekazaritza, abeltzaintza, basogintza eta landa turismoko iharduerak bultzatzeko; bete-lanak eta hondakindegiak kontrolatzeko...
Apirilaren bukaera honetan, emaro ari du euria kristalen kontra, urrutira, artalde bat ikusten da zelai berdean... Urnietako kornerrean.