Lur Santura joandakoek diotenez, jaiotzaren eliza baino zirrara handiagoa sorrarazten duen zerbait badago: Jetsemaniko olibondoak. Kristauentzat, zuhaitz horiek naturaz gaindiko balioa dute. Jesusek han errezatu bazuen, seguru enbor berdinak ikusi zituela. Olibondo bat bizitza osoko testamentu bat da. Ehun urteko olibondo bat, landare gaztea da; mila urteko olibondo bat, nonbaitetik gatozen konstatazioa bat da. Ba omen dira bi mila eta bostehun urtetik gora bizitzen direnak.
Batez ere, Mediterraneora begira dauden herrialdeetan bizi den olibondoa, zuhaitz ederra, berezia da, ez fede kontuengatik, edota bere fruitua, oliba, eta handik ateratzen den olioarengatik bakarrik, ordea. Azken urteotan, denok dagoeneko konturatuko zinetenez, apaingarri gisa ere erabiltzen delako. Eta noski, urte gutxitan izugarrizko dirutzak mugitzen dituen negozioa izatera iritsi da.
Duela urte gutxi arte, jende oso aberatsen arteko kontua izaten zen beren etxe inguruak ehundaka urte zituzten olibondoekin apaintzea. Noizbehinka han edo hemen entzun edo irakurtzen genuen, Berlusconik, Andaluziatik mila urte baino gehiagoko hamabi olibondo eraman zituela bere jauregiaren inguruan landatzeko, edo Frantziako Itsasalde Urdinean kokaturiko sekulako etxe horietakoen lorategietan olibondoak landatzen ari zirela, eta antzeko albiste bakanen bat edo beste.
Baina orain, zer egiten ari gara olibondo zaharrekin? Deportatu egiten ditugu. Erreparatu edozein errepide: kamioiak hara eta hona, inausketa basatiak jasandako zuhaitz biziak, deserrotuak, garraiatzen. Helmuga? Elkarri atxikitako edo banakako etxeetan bizi diren burges txikien lorategitxoak. Lotsagabeak. Aberats berriak. Konfinamentu horrek esklabuen erakustoki bat gogorarazten du.
Ez dira, ordea, erosle bakarrak, hainbat udalek ere erosten baitute plaza edo biribilgune berriren bat edertzeko asmoarekin. Politikoek, epe motzeko ikuspuntuarekin erabakiak hartzen dituztenez, maizegi, egokitzat jotzen dute zuhaitz zaharrak landatzea, ondorioak kontutan izan gabe. Zuhaitz zaharrak kentzeko orduan ere badakigu nola jokatzen duen administrazioak. Horren adibide da Donostiako Udalak Bulebarra berritu zutenean kendutako zuhaitzekin gertatukoa. Izan ziren protestak isilarazteko, Martutenen landatu zituzten ateratako platanondo handi haiek, eta orain urte gutxiren ondoren, eta orduan hartu zituzten lan guztien ondoren, obra berri batzuk direla eta, berriro ipurditik atera dituzte.
Valentzian, Kataluniako hainbat herritan, neurriak hartzen hasiak dira, arteak, olibondo zaharrak, dauden lurretik kendu ez ditzaten. Adibidez, 250 urte baino zaharragoak direnak kentzea debekatuz. Hala ere, eta tartean erabiltzen diren dirutzak kontuan izanda (12.000 eurotaraino ere ordaintzen omen dira), ez dirudi erraza izango denik negozio hau geldiaraztea.
Israeldarrak ere, ejertzitoaren Bulldozerrekin palestinarren olibondoak atera eta lapurtzen dituzte. Ehun milatik gora kendu omen dituzte Gaza eta Cisjordanian intifada hasi zenetik. Gero Haifa edo Tel Aviv-eko jatetxe famatuetan, eta aberatsen etxeetako lorategietan landatzeko. Baina badakite, olibondo horiekin batera, beren historia, nortasuna, paisaia...lapurtzen ari direla. Ehundaka olibondo pilatzen dute mintegietan, tartean asko ihartu ere bai, baina ez zaie axola, haiek tailatzeko edo platerak, hautsontziak eta abar egiteko erabiltzen baitituzte.
Olibondoek, zuhaitz zaharrek orokorrean, lurrari eusten diote, egutegiari forma ematen diote, arbasoen izerdia gogorarazten laguntzen digute. Beraz, utz ditzagun, gure eta beste herrialdetako zuhaitz zaharrak bere lekuan, bestela, amnesiak jotako herrialdea txatxu bat besterik ez gara izango.
Jerusaleneko ekialdean, Olibondoen Mendian ba omen da zerbait santua eta zaharra dela sinestera eramaten zaituena...