Bukatu zen kaletarrak marmita eskuan hartuta baserrietan zuzen-zuzenean esnea erosten zuten garaia. Bukatu zen baserritarrek, emakumeak batik bat, marmitak eskuetan hartu eta etxez-etxe esnea saltzera joaten ziren garaia. Baina, zorionez, kaletik baserrira edo baserritik kalera marmitarekin bidea egiten zuen belaunaldiko jende ugari oraindik bizi da gure artean.
Gu geu ere mutiko garaian ibiliak gara zeregin horietan, naiz eta gure adinean jadanik ez izan oso ohiko lana, etxez etxeko esne salmentarena. Orain 70 urtetik gora dituztenen belaunaldia izan da hemen, marmitarekin batetik bestera ibilitako azken belaunaldia.
Eta belaunaldi hori izan da, hain zuzen ere, euskarari eutsi diona, bizitzea egokitu zitzaion egoera latzari aurre eginez. Ez zuten euskarazko komunikabiderik, baina batzuek fedeak bultzatuta, eta beste hainbatek, euskararen egarria asetzeko, Arantzazuko egutegia erosi izan dute, eta oraindik urtero erosten dute sukaldean jartzeko. Egunez egun takoari kendutako orria irakurtzea, gosaria bezain beharrezkoa izaten dute. Esaera zaharrak irakurri, zer santu den begiratu, atzo Mariano, gaur Perpetua eta bihar Zirilo. Egunero zein santu den begiratu eta aurrera. Ilargia nola dagoen ere jakin behar izaten dute. Ilgora ala ilbehera, edo noiz izango den hurrengo ilargi betea. Naiz eta ondo jakin beraiek aspaldian sartu zirela ilbeheran. Azkenik, atzealdeko txistea irakurri eta sutara edo zaborretara botatzeko. Zenbat gauza orritxo horietan? eta denak probetxagarriak, txerriarekin gertatzen den bezala. Urte askotan, egutegi hori izan zen euskaldunek eskura zuten “egunkari” bakarra.
Belaunaldi horrek barnerazi zigun gure hizkuntzarekiko maitasuna. Enbor horren ezpalak gara gu. Eta orain baztertu egiten ditugula sentitzen dute horietako askok, ez dugulako idazten beraiek ulertzeko moduan. Ulertuko ez dituzten hitzen bila ibiltzen ote garenaren susmoa ere badute. Garai bateko hizkuntzaren artisauen ondorengook, Ikea belaunaldikoak omen gara, hau da, kutxa bakar eta berdin batean sartzen omen ditugu hitz guztiak, eta horren emaitza: apaingarri hutsak diren altzari tristeak. Eta zer esatea nahi duzue? Zer pentsatua ematen duela kritika horrek. Niri behintzat bai.
Iraganeko eztabaidak dira horiek, esango dit norbaitek. Alegia, ezin dela beti atzera begira egon, aurrerabidearen trena begien paretik pasatzen ari den bitartean. Horrela izango da, baina, denaren errua eta erantzukizuna ez dela, guztia beraiena iruditzen zait. Ahalegin handiagoa egin beharko genukeela beraiengana iristeko. Egiten duguna egiteko justifikazioak zabaltzen ihardun gaitezke, baita ere errudunen bila mokoka. Baina horrekin bakarrik ez dugu ezer konpontzen.
Beraiek, kasu gehienetan, irakurtzeko ohitura ez dute oso garatua, inguruko, auzoko, herriko errealitatea bizi dute. Eta guk, neurri batean edo bestean, irakurri egiten dugu. Baina irakurketak, ez bakarrik liburuenak, baita egunkariarenak ere, telebistak, irratiak eta internetek bezala, ondoko errealitatetik urrundu egiten gaituelakoan nago. Zuzenean bizitzeko ahalmena galtzen du irakurzale bihurtzen denak. Pertsona batek, irakurzale bihurtzean, zer irabazteko aukera eta zer galtzeko arriskua duen ikertzea interesgarria izango litzateke. Neurrian egongo da gakoa honetan ere, beste kontu askotan bezala.
Bukatzeko, marmitaren belaunaldikoak zaretenoi, animatu nahi zaituztet, buruari apur bat eraginez, irakurtzen jarraitzera, eta guregatik behintzat, sekula, sekula...ez galdu umorea. Nik, irakurtzen jarraituko dut, baina saiatuko naiz etxez-etxe esnea banatzera joaten zen mutiko hura erabat ez ahazten.