Urnietara hurbiltzen ari nintzen. Gerturatu ahala kilika pilatzen ari zitzaidan urdailean. Halako batean ikusi nuen herriaren sarrera adierazten zuen seinalea: Urnieta / Avellaneda. Behin herri barruan, autoa aparkatzen saiatu nintzen, lan nekeza benetan, azkenean kanpoaldeko auzo batean, kintokoñoan utzi behar izan nuen. Herriko plazara oinez joan eta, han aitona bat bere biloba eskuetatik helduta zuela, ez zegoen besterik. Niretzako guztiz ezezaguna eta arraro zen hizkuntza batean hitz egiten zion bilobatxoari. Hurbildu eta galde egin nion ea ez ote zekien euskaraz mintzatzen.
Goitik beheraino begiratu ondoren, erantzun zidan baietz, berak oraindik bazekiela. Guztira lau lagun geratzen zirela herrian, oraindik euskaraz hitz egiteko gaitasunarekin. Zer arraio gertatu zen! Nola zen posible historiaurretik hemen zegoen hizkuntza ahaztu eta bere erabilera guztiz ezabatzea?
-Hogeita bigarren mende honen hasieran beherakada handia izan zuen, ez zuen lortu mundu globalizatu honetan errotzea, erronka berriei aurre egitea. Baina benetako galera, duela berrogei bat urte gertatu zen 2130. urte inguru horretan. Bi arrazoi nagusi izan ziren, batetik, kanpotik hona bizitzera etorri zen jendetzak, bertako gutxi batzuk erabiltzen zuten hizkuntza ikasteko asmorik ez izatea, eta bestetik, irrati-telebista-egunkari-aldizkari eta abarretatik egunero gaineratzen ari zen erdal zaparrada geldiezina. Horri erantsi behar zaio, ordura arte, gurean hain sendoak ziren belaunaldien arteko loturak, eten larri bat izan zutela. Horrek guztiak, gure hizkuntza zena, azukrea uretan bezala desegitea ekarri zuen. “Aitaren Etxeak”, jadanik ez du, ez teilatu, ez horma eta ez zimendurik.
-Non geratu ziren euskaran alde lanean iharduten zuten elkarteak, eta gure hizkuntzaren alde zeudela zioten agintariak?
-Euskal kulturaren alde indarrak eta ahal ekonomikoak inbertitzen zituzten elkarte gutxiek, hautu zailak egiten jarraitu zuten haiek, negu luze batean murgildu ziren eta berotzeko ahalik gabe urte askotan biziraun ondoren, konturatu ziren beren lana hondarretan hazia ereitea bezalakoa zela, eta aspaldi utzi zuten euskara, gazteleraz sortzeko. Azkenekoa, Iñistorra elkartea izan zen, orain “El Helecho del Cántabrico” izenarekin ezagutzen duguna. Politikoak, berriz, txanpain botila ireki eta txin-txin egin zutenik ez dut esango, baina ez zuten haserrerik erakutsi hizkuntza amildegitik erortzen ikusi zutenean, lasai geratu ziren besaulkietan eserita.
-Oraindik bizirik gelditzen zareten lau euskaldunak nola bizi zarete?
-Orain ondo bizi gara. Babestuta. Subentzioetatik. Ez dugu zergarik ordaintzen, ez dugu lanik egin beharrik. Turistentzako gidatan agertzen gara. Hona etortzen dira eta guk beraien aurrean euskaraz hitz egiten dugu, haiek argazkiak egin eta gure elkarrizketak grabatzen dituzte. Hori izaten da gure egin beharreko guztia. Arratsaldetan musean jokatzeko elkartzen gara “Los Caballeros” tabernan, lehen Zaldundegi zenean, eta gauero mozkortu egiten gara. Gaueko hamarrak ezkero alkoholdun edariak saltzea debekatua dago, baina guk erosketetarako karrotxo batekin kalean zerbeza saltzen ibiltzen diren hiru txinatarrei erosten diegu.
Euskal Herria jadanik ez zegoen normalizazio, ez bake bidean, ez zegoen prozesurik. Dena “normalizatua” zegoen. Etxera etorri naiz berriro, baina bidaiaren amaiera fisikoa eta espirituala ez dira bat etorri, eta hemen ari naiz han hartutako apuntetxoak, nostalgiaren... Riiinnng! Zapla! Klink! Klonk! Klonk! Iratzargailu bat gutxiago. Begiak ireki, besoak zabaldu, hankak lurrean pausatu, eta komunerako bidean jarri dut gorputza. Egun berri bat argitzera doa. Bikaina dator. Gau nahasiko ametsetan etorkizuneko agotak ikusi ditut, baina ez dira izan hori besterik: amets gaiztoak.