Gizakiok ez gara libreak. Familia baten baitan eta muga fisiko eta sozial batzuekin jaiotzen gara. Heldutasunera heltzen garenean bakoitzak erabakitzen ditugu gure helburuak, zirkunstantzia guztiak baloratuz, eta gero beste pertsona batzuekin lagun egin eta lankidetzan aritzea erabakitzen dugu. Norberaren askatasuna mugatuz, bizitza beste batzuekin konpartitzea ona iruditzen zaigulako.
Euskaldunoi dagokionez, bizitzak, galdetu gabe, herri gatazkatsu batean jarri gaitu, eta horrek momentu onekin tartekatuz, trago txar ugari ere ekartzen digu…hain hurbil askotan, hurbilegi beti. Bi aldeetatik, edo dauden alde guztietatik. Bukatu berri den urtean horrela izan da, eta aste honetan bertan gertatutakoak ere lirikarako garairik onenak bizi ez ditugun seinale dira. Zoritxarrez, ezer berririk ez eguzkiaren azpian. Nori ez zaio burutik pasa, noizbait, ihes egitea, ospa egitea, bizitzeko leku lasaiago baten bila joatea.
Gauza da, hemen jarraitzen dugula, eta gaur aitzakia batekin eta bihar beste batekin, askatasun mailan atzerakada nabarmenak ematen ari garela. Zenbat Garzonkeri ezagutu ote ditugu azken urteotan! Dagoeneko kontua ere galdu dugu.
Dena kontrolatuta eduki nahi izate horrek ekarri du baita ere, kaleetan, hipermerkatuetan, garraio publikoetan, banketxeetan eta gero eta toki gehiagotan gu espiatzeko jartzen dituzten kamerak jartzea. Segurtasuna bermatzeko, askatasuna murrizteak merezi duela, hori da gaur egun agintean daudenen diskurtsoa, eta herritarrok zirkinik ere egin gabe ontzat ematen duguna.
Pribatutasunik ezak ere hemen askatasuna murrizten digu. Enpresa eta botere sektore batzuk herritarren gaineko datuak eskuratzen dituzte gure buruaren gaineko kontrola areagotzeko. Orain teknologiak aukera ematen du datu metaketa izugarriak egiteko. Eta datu horiek babesteko legea indarrean izan arren, behin eskuetan, edozertarako erabiltzea erraza egiten zaiela badakigu.
Eta zer esan iaz martxan jarri zen ditxosozko puntukako gidabaimenari buruz? Guztiok badakigu errepidean ezin dela edozein modutan ibili, eta deskuidu txiki batek ondorio larriak ekar ditzakeela. Hori horrela da. Baina zergatik 12 puntu bakoitzarentzat? Zergatik ez 24 edota 46? Zenbateko saldoa gelditzen zaizue? Nik apustu egingo nioke edonori: ezetz joan Urnietatik Iruñeara edo Bilbora hamabi puntuak galtzeko moduko arau hausteak egin gabe? Gidabaimena berri onekin ertzainen eskuetan gaude. Beraiei gogoa ematean, berriro auto-eskolaren eskuetara bidaliko gaituzte, galdutako puntuak errekuperatzera. Eta hori gutxi balitz, errepide guztiak radarrez josi dizkigute. Diru-biltzeko modu erosoagorik administrazioarentzat! Gainera, GPSa erosten dugu hauek non kokatu dituzten jakin ahal izateko. Askatasuna diru truk.
Gure bizitzetan sartu beharraren sartu beharrez, eguberrietan untxia jan behar dugula esatera ere iritsi da Estatuko Gobernua. Zer izango da hurrengoa? Guzti honek demokrazia narriatu egiten du, eta ez du balio isilik geratu eta gero alkandora urratzen ibiltzeak. Garbi utzi nahi nuke ez naizela ari oihaneko legea aldarrikatzen, ez dut esan nahi “edozerk balio du”. Baina lehen irekita genituen ate asko ixten ari direla ikusita, noizbehinka, potroetaraino edo obarioetaraino gaudela esan beharko genukeela iruditzen zait.
Ertz asko harilka daitezke gai honekin, baina gaurkoz, Imanol Lazkano bertsolariak duela 15 urte Azpeitian kantatutako bertso batekin amaituko dut. Honakoa izan zen gaia: obran inspektore batek multa jarri dizu kaskorik gabe lanean aritzeagatik. Etxerakoan Ertzaintzak multa jarri dizu gerrikoa lotu gabe eramateagatik.
"Kontuz kaskoarekin!”
betiko sermoia.
Kontuz kotxe barruan,
jantzi zinturoia!
Kontuz alkolarekin
bestela jipoia!
Kontuz txorta jotzean,
ez ahaztu kondoia!”
Normal zer egin leike?
Hau mundu kabroia!