Hiru urte paseak dira Aiurrirako iritzi artikulu hauek idazteari ekin nionetik. Dagoeneko goiko argazki hori ere zaharkitua gelditzen hari da; hor ikusten diren baino ile eta bizar zuri dezentez gehiago baititut gaur egun. Azkar pasatzen da denbora gero, gustura egiten ditugun gauzetan gabiltzanean behintzat. Nik, egia esate aldera, oso gustura egiten baitut lan hau. Idazteak sakrifizio apur bat eskatzen duela esan ohi da. Egia da. Gogoa eta esfortzu ttantta batzuk beharrezko ditu, baina hala ere nik gozatu egiten dut, eta aldi berean, beti zerbait ikasi ere bai.
Maitasun handia jartzen diot eta gogoan izaten zaitut, irakurle, edozein zarela ere, zahar edo gazte, gizonezko edo emakume, andoaindar, Urnietakoa ala edonongoa. Zugana ekartzen ditut nire gustuko gaiak eta zurekin konpartitzen dut nire bizitzaren zatiren bat, nire bizipen pertsonalen bat. Ez da erraza beti gustuko gaia aurkitzea. Saiatzen naiz Urnietarekin zerikusia duen zerbait bilatzen baina kosta egiten da, eta batzuetan hor ibiltzen gara munduan zehar jira-biraka.
Norentzat ari naiz idazten? kezka txiki hau ere buruan izaten dut, oso bakanak baitira idatzitakoari buruz aipamenen bat egitera hurbiltzen direnak. Hala ere, ez pentsa nire buruari jarritako azterketa moduan hartzen dudanik. Ez dut ukatuko arraro samarra gertatzen dela, norberak idatzitakoa irakurri eta “hau hobetu liteke” edo “ez ote nauk apur bat pasa?” bezalako pentsamenduak izatea… Normala denez batzuetan besteetan baino hobeto ateratzen da, baina pasa ditugu hiru urte. Ke letxes!
Guztiok dakigu kritikarik gabeko herria ez dela sanoa, baina ez pentsa erraza denik Urnieta bezalako herri txiki batean, nor bere iritziak aireratzen ibiltzea. Hasierako garaietan, eta oraindik ere neurri txikiago batean, beldurra, lotsa edota agian errespetua deitu behar litzaiokeen zerbait sentitzen dut artikulua idazten ari naizen bakoitzean. Horrek, batzuetan oharkabean, eta beste batzuetan jakinaren gainean, auto-zentsura delakora bultzatzen nau. Euskal Herrian bizi dugun desegoera politikoak ere ez du askorik laguntzen. Orain ere betikoan betikoturik bizitzen asmatzea baizik ez zaigula geratzen dirudi. Ez dira ez betiko garai onenak (besarkada bat, Teresa). Amestutako konponbidea ezinezko zerbait bihurtzen ari da, eta badirudi, bi aldeetatik hartutako bidetik, gauzak okertu eta gaiztotzeko bidean doazela. Beste behin ere.
Agerian, ikusi nahi duenaren bistan jartzen ditut nire maitasun eta gorrotoak. Maitasunak eta gorrotoak behar bezala bideratzea, ondo eramatea ez da batere erraza. Bizikleta gainean noanean bezala, hemen ere oreka mantentzen saiatzen naiz; aurrera egingo bada nahitaezkoa baita oreka mantentzea. Azkar edo mantso, baina beti oreka mantenduz. Hala ere, baliteke gure agintariei buruz aritu izan naizenean, sentitzen dudan ezinegonaren sintoma garbia diren zaunkak besterik ez egin izana, baina zakur goseak ez dakit besterik zer egin dezakeen, hori baino hoberik.
Hala ere, harro nago bizi naizen tokian bizitzeaz eta uzten didaten bitartean, hemen jarraituko dut orain arte bezala, maitasunez idazten, nire kontraesanak agerian utziz, lau haizetara eztabaidatu eta borrokatuz dena hobeto egin dadin, guztiok dena hobeto egin dezagun; egia osoaren jabe naizenik inoiz sinetsi gabe, baina, beti ere, gaizki ikusten ditudan gauzak konpondu eta ondo ikusten ditudanak goraipatu nahian. Hortik aurrera ez dizuet ezer agintzen, ez etorri beraz, erantzun bila, galderak besterik ez dituen honengana.
Azkenik, eskertu irakurle zareten guztioi. Eskertu nigan duzuen konfiantza, eskertu zuen denbora eta pazientzia. Ez duzue ondo esanak zertan gogoan hartu beharrik, baina gaizki esanak barkatu.
Urte berrian, izan guztiok, salbuespenik gabe, ondo.