Hogeita zortzi urtez alderdi berdina agintean izan ondoren, aldaketa izan dugu aurtengoan Urnietako Udal-gobernuan, herritarrek horrela erabaki dutelako. Aldaketa onerako edo txarrerako izango den denborak esango digu, baina aukera historiko bat izango dute egungo agintariek gauzak beste modu batera egin daitezkeela erakusteko.
Nolakoa izango da 2011ko Urnieta? Oraindik goiz da herriak zer bilakaera emango duen jakiteko. Oraindik goiz da hainbeste eztabaida piztu duten arau subsidiario berriak, zabor bilketarako sistema berria, ikastolaren bigarren hezkuntzarako zentro berria, eguneko zentroa edo anbulatorio berria noizko izango ditugun jakiteko. Oraindik goiz da gure gazteek, alokairuan, modu onean, etxebizitzak (adibidez Saletxe berriko apartamentuak) izango ote dituzten jakiteko, baita Lasarte eta Andoainekin elkartuko gaituzten bidegorriak egingo ote diren edota garraio publikoa bultzatzeko zerbait egingo den jakiteko. Dakiguna da, lau urte ez direla nahiko izango, herriak erakutsi dituen gabezi guztiekin amaitzeko.
Proiektu handiei iritsiko zaie bere txanda, bitartean gauza txikietan gure begiak eta gogoa jartzeko zale garenoi, aldaketa txikiak ikusten hastea gustatuko litzaiguke. Aurreko legealdiaren bukaeran, presaren presaz egin ziren espaloi zabaltze batzuk. Ez naiz hemen hasiko horren aurka idazten, herri honetan beste gauza askoren artean, oinezkoentzako espazioen eskasia oso nabarmena baita. Baina zabaldu beharraren zabaldu beharrez, norbaiti eskua “joan” zitzaion, batez ere Yurramendi kalearen hasieran eta bukaeran. Lan lardatsa horiek konpontzea ez dakit zergatik luzatzen ari den. Gauzak aldatu ezean aurtengo gabonetan Olentzerok ere todoterrenoan eta kopilotuarekin etorri beharko baitu Urnietara.
Udal aldaketaren ondorengo lehenengo Sanmielak ere pasa dira. Bagenekien, egin nahi izanda ere, denbora askorik ez zegoela aldaketa sakonik egiteko, baina keinu batzuk, besterik ezean, maila sinbolikoan espero genituen. Udalak argitaratutako aurtengo programari erreparatuta, deigarria egin zitzaidan lehenengo gauza programa bera izan zen. Ia berrehun gramo pisatzen dituen hogeita hamasei orrialdeko liburuxka. To Amazonaseko, Iratiko edo Berrasoetako arbolatxo bat herriko familia bakoitzarentzat. Hauteskundeak irabazi zituen herritar taldea nondik datorren jakinda, gehiegizkoa ezta?
Eta zer esan elizkizunei buruz? Lau meza nagusi egon ziren Sanmieletan. Eta Xoxokako jaietan, bosgarrena. Aurreko astean Felipe Izagirrek zioen bezala, Sanmiel egunean Udalbatzak udaletxetik elizarako desfilea egin zuen gainera, eta elizan beraientzako gordetako leku berezian eseri ziren. Lehen lerroan. Felipek zioenarekin bat nator, lehengoak oker egiten zutena ez dute zertan kopiaturik oraingoek. Mezetara joan behar badute, joan daitezela, baina ez kargu politiko bezala, mundu guztia bezala baizik. Herri laiko batean bizi gara. Bakoitzak bere borondatez eta sinesmenez joan behar du, ez inor ordezkatzera.
Hemen gehienok bataiatu gaituzte, komunioa egin dugu, batzuk oraindik ezkontzera elizara joaten dira…baina nork sinesten du Elizarengan? Nor joaten da elizara igandero? Nork errezatzen du? Praktikante gutxi aukeran hain erlijiosoak izateko, eta itxurakeri asko. Izugarrizko hipokresia dagoela iruditzen zait. Elizara joateak ez du pertsona bat hobe egiten, ez joateak ere hobe egiten ez duen bezala…
Beraz, ausartasunez jokatzeko ordua du Udalak. Badakit gauza ezarriei aurre egitea beti errespetu falta bezala ikusten dela. Jokaera justifikatu beharrean bezala aurkitzen garela askotan. Baina errespetu falta ez dago alde bakarrean. Ea gizartearekin bat eginez, gai honetan eta beste hainbatetan aldaketak ikusteko aukera izaten dugun hemendik 2011ra.