Batzuetan, pertsonai ezagun eta ospetsuen bideak, pertsona xume eta ezezagunen bideekin gurutzatzen dira. Hori da gaur hona ekarri dudan kontakizunean gertatu zena.
Donostiako Garibai kaleko seigarrenean jaio zen 1887ko martxoaren 31ean Jose Maria Usandizaga musikagile, konpositore eta pianojolea.
Urnietako Idiazabal kaleko Alontxaenea etxean jaio zen 1888ko ekainaren 25ean gure aitona zen Gillermo Lizeaga, sagardogile ere izan zena.
Usandizagaren irakasleek musikarako dohain bereziak zituela goiz konturatu ziren, eta 14 urte zituela Parisera bidali zuten bertako kontserbatorioan ikastera. Bere hasierako nahia piano-kontzertista izatea zen, baina Pariseko scola cantorunean zegoela eskuineko eskuan artikulazioetako mina egin zitzaion eta ia-ia eskua moztu behar izan zioten. Sendatzea lortu bazuen ere mugimendua guztiz errekuperatu ez zuenez, pianojole izateko asmoari utzi eta musikagile izatekoari lotu zitzaion.
Bitartean, Gillermo, garaiko beste asko bezala, maizter famili batean bizi zenez, etxez-etxe ibili beharrean izan zen, Garratzara lehenengo, handik Lasarteko Arrillaga baserrira, eta gero, urte gutxi batzuetarako izango bazen ere Lategi auzoko Goikoetxe baserrira.
1905ean, 18 urterekin, itzuli zen Usandizaga Donostiara eta 1906ko lore-jokoetan saria eman zioten bere iruac bat izeneko konposizioari. Herri kantak ere gustuko zituen, Ecos de Varsovia bilduman argitaratu ziren hainbat euskal kantaren armonizazioa berak egin zuen. Organorako ere hainbat lan konposatu zuen, beraien artean, Donostiako San Vicente elizan estreinatu zen Ave María bat.
1910eko maiatzaren 21ean, Bilboko Campos Eliseos antzokian eman zen lehen aldiz Mendi Mendiyan, bere operarik ezagunena, Pepe Artolaren hitzez lagundurik. Guridirekin batera euskal operaren aitatzat hartzen duten Usandizagaren lan hau izan zen genero honen lehen lana euskaraz.
Alde batetik osasun gutxikoa zelako, eta bestetik bere lana lasaitasun handiagoz egiteko Nafarroako Igantzin zuen etxean pasatzen zituen denboraldiak. Baina arrazoi berberagatik Urnietara ere etortzen zen, Lategi auzoko Agerre baserrira hain zuzen ere.
Ordurako, Agerre baserriaren ondoan kokaturiko Goikoetxe beserrian, Gillermok sagardotegia jarria zuen. Eta Usandizaga berehala hasi zen harako joan etorriekin. Eta horrela hil arterainoko adiskidetasuna egin zuten.
1913ko abuztuaren 31n, soldadu ingeles eta portugesek Donostia sutu zuteneko mendeurrena betetzen zela eta, Usandizagak himnoa konposatu zuen Agerre baserrian; Donostiako orfeoiak kantatu omen zuen egun hartan, ikaragarrizko txalo artean.
Baita ere, Agerre baserrian bere zatirik handiena konposatu ondoren, 1914ko otsailaren 5ean, estreinatu zen Madrileko Price zirkoan Las Golondrinas, drama lirikoa eta izan zuen arrakastarekin bere izena handienekin lotzen hasi ziren. Madriletik itzuli zenean, Donostian izugarrizko harrera jendetsua egin zioten.
Baina gaixo zegoen, eta urtebetera, 1915eko urriaren 5ean hil zen 28 urte zituela. Beraz, gaur betetzen dira 92 urte. Heriotza hartatik urtebetera, 1916an, garai hartan Katalunian zen eskultorerik garrantzitsuenak, Jose Llimonak, egin zuen Gipuzkoa plazan kokaturiko Usandizagaren monumentua. Monumentu honen eraikuntza Donostiako orfeoiak sustatu zuen, Udalaren lankidetzarekin. Inauguratu zen egunean han zen Gillermo, eta gogoan zuen, jende artetik nola esan zuten, “horrek ez du Usandizagaren antzik”. Llimonaren erantzuna berehalakoa izan zen, ezagutzen zutenek badakite nolakoa zen, eta ezagutzen ez zutenek, horrelakoa zela usteko dute”.
Dagoeneko zeuok ere konturatuko zineten, baina horrela ez bada nik esango dizuet zein izan zen Usandizagaren ibilbideko azken urteetako arrakastaren arrazoietako bat: Goikoetxeko sagardoa.