Urtean zehar izaten ditugun gora-behera, lan, arazo eta buruhauste guztiak egun batzuetan albora uzteko aproposak izaten dira herriko festak. Umetan ezagutu genituenak ez ziren oso erakargarriak izaten. Garai haietan ohiko zen “dekorazioa” izaten zuen San Juan plazak, hau da, Udaletxeko bi balkoiak, piperpotoarekin estalita, tonbolaren bat han edo hemen, Terexa, bere goxoki postuarekin, eta askoz gehiagorik ez. Festen egitaraua, gaztelera hutsean argitaratzen zen, noski. Zentsura zela eta, Xoxokan kantatu behar zuten bertsolariak ere, zein gairi buruz kantatuko zuten agertzen zen: “Los bersolaris Lasarte y Aguirre cantaran con el tema del porvenir de la zona rural y sobre la juventud actual con su vestimenta y presentación ”. Guretzat, Sanmiel bezperan egiten ziren borroka libreko konbate haiek izaten ziren festetako gauzarik erakargarriena. San Juan plazaren erdian jartzen zen ring elegantearen inguruan jendetza biltzen ginen, Juan eta Pedro Bengoetxea anaiak, Miguel Galarza, Antonio Morlans eta abar ikustera.
1975 jaiak tristeak izan ziren, Frankok hil aurretik azken opari bat egitea erabaki zuen, eta horrela, Urnietako jaiak hasi bezperan, irailaren 27an, heriotza zigorrera kondenatuak zituzten bost lagunen biziarekin bukatzea erabaki zuen, horietako bi, ondo gogoratuko duzuen bezala, Txiki eta Otaegi izan ziren.
Baina, halako batean hil zen Franko, hain justu 1975eko azaroaren 20an, gu oraindik gizon usteko umemoko ginela, eta hurrengo urteetan, herrietako jaiei dagokionez, egoera guztiz aldatu zen. Gure belaunaldikoek, urte zoragarriak bizitzeko aukera izan genuen.
Hala ere, dena ez zen eguzkia. Esaterako, 1978ko Sanmieletan itzalik izan genuen. Irailaren 30 zen. Gaueko hamarretatik aurrera, Benito Lertxundi kantaldi bat eskaintzen hari zen urte hartan eraikitako frontoi berrian. Hamaiketan plazan hasi zen berbena. Ordurako, berbenetan ibiltzen ziren hainbat euskal taldek (Egan, Akelarre…) adostua zuten, euskal kantak edo beste hizkuntzetako kanten euskal bertsioak bakarrik interpretatzea. Eta egun hartan ere horrela hasi ziren, euskal kantak abestuz. Berehala igo zen ordea, herritar talde bat oholtzara, gaztelerazko kantak ere eskaini behar zirela eskatuz. Agintariek zer egin ez zekitela geratu ziren, eta berehala sortu zen izugarrizko liskarra. Orkestrakoak nahiko lan izan zuten ekipoari osorik eusten, iritzi bateko eta besteko jendea borrokan zebilen bitartean, bai oholtzan eta bai plazan. Benitoren kontzertua bukatu, eta hango entzuleak plazara iritsi ahala, egoerak okerrera egin zuen, orduan izan baitziren istilurik gogorrenak. Auzo lotsa sentitzeko modukoa izan zen gau hura.
Hurrengo urtean, Xabier Amuriza bertsolariak honako bertsoa kantatu zuen gau hartako gertakizunak gaitzat hartuta:
Iazko festak oraindik hemen
zintzilik daude arbolan
herrian elkar bizirik uzten
izan omen zen nahiko lan.
Erdal orkestrak Euskal Herrian
jartzen bazaizkigu modan
hurrengo bertso saioa egin
beharko dugu Kordoban.
Gerora, jai batzorderik gabe,Urnietako jaiak lozorrotu egin ziren, garbi utziaz, herri hau lotarako herri bat dela. Horretan, besteak beste, zer ikusia izan zuen, Erratzuko zezenketak, frontoiko striptisak…antolatu eta jaien azken egunean Egan taldeko kantari bihurtzen zen hark.
Orain, jai herrikoiagoen aldeko apustua egiteko ordua iritsi da. Elkarteak eta batez ere gazte taldeak, antolatu eta proiektuak aurkeztera bultzatuz. Diru-laguntzen sistema ere errebisatu beharko da. Orain kopuru bat ezartzen da aurretik, jakin gabe zeintzuk diren beharrizanak jaien eremuan. Gero kopurua banatu egiten da eskaeren artean: eskaera asko, orduan diru gutxiago. Horrela, proiektu interesgarriak arraskako zulotik behera joan daitezke, lan eta denbora asko eskaini ondoren, behar bezalako laguntzarik jaso ez dutelako.
Ondo pasa, eta ez ahaztu festak ere erakusten dutela herri baten izaera.