Uda, ekainaren 21ean etortzen bada ere, aurten hilabeteko aurrerapenarekin, maiatzaren 27an, etorri da gurera. Horixe erabaki zuten urnietarrek igandeko Udal hauteskundeetan. Herritarren plataformak, alderdi politikoek utzitako hutsunetik txanda-pasa egin eta aurrea hartu die guztiei.
Igande gauean, botoen zenbaketa zuzenean jarraitzeko aukera izan genuenok, eta ezusteko emaitzek sortutako harriduraren ondorioz, askotariko erreakzioak ikusi ahal izan genituen: zorion beroak, zorion zuriak, kopetilun beltz-beltzak…
Pentsatzekoa da gutariko bakoitzak baduela gertatutako guztiaren ikuspegi propioa. Nork bere erara irakurri eta interpretatuko dituela hauteskunde hauen emaitzak. Nork ez du bada hemen kristal kolorezkorik gauzak ikusteko orduan? Hori bai, denok ikusi ahal izan dugu herritarrak antolatu eta mugitzen hasi zirela 2003ko udazkenean, agintariek Erratzu industrigunean erraustegia jarriko zutela esan zutenean. Ondoren etorri dira, Arau Subsidiario berrien gora-behera guztiak, Urumeako autobidearen ibilbidearen aurkako mobilizazioak, 21 Agenda...
Hauteskundeen emaitzak jakin ostean etorkizunari begira jartzeko garaia da. Inork ez du lortu bakarrik gobernatu ahal izateko adinako gehiengorik, beraz horretarako beharrezko izango diren paktuak eginez, datozen lau urteetarako egitasmoak adosteko momentua da. Noraino iristeko prest dago alderdi bakoitza? Ziur sorpresak egongo direla paktuetarako ohiturarik ez dagoen herri honetan. Hilaren hamaseian jarriko dira kartak gora begira, bitartean, herritarrok zain egon beharko dugu.
Gauza bat behintzat garbi adierazten dute, hauteskunde hauen emaitzek, Udala gestionatzeko moduan aldaketak beharrezkoak direla. Gertutasuna. Horixe eskatzen diete herritarrek agintariei. Zer esanik ez udal agintariei. Hurbiltasuna, prestutasuna, ahalmena eta gogoa. Ea nola sortzen diren herritar guztientzat izango diren espazioak, lehen eta bigarren mailako herritarrik gabe, nola bultzatzen den bizikidetza, nola eskaintzen diren herritarrei eman beharrezko zerbitzuak…Inori ez diogu eskatzen Trankatxen Aquapark bat jartzeko; edo Erratzu industrigunearen atzealdean, 1 Formulako bateko zirkuitu bat egiteko; ez eta ere Txutxu trenik herria zeharkatzeko…
Herritarren ekimenak ere Udalaren babes handiagoa jaso behar du. Oso gogorra da borondatezko lanean ari eta Udalaren laguntza eskatutakoan Doctor Norekin topo egitea. Uste dugun baino jende gehiago ari da isileko hainbat lanetan, ONG-GKEtan, Odol emaileen elkartean, umeekin kirol jarduerak bultzatzen, euskararen normalkuntzan aurrera egiteko edo ingurumenaren alde lanean, guraso elkarteetan, dantza edo txistulari taldeetan… eta ez da komeni inoiz ahaztea, talde hauek direla, hein handi batean, herria mugitu eta mugiarazten dutenak.
Igandeko emaitzak ikusita badaude hainbat gai, bakoitzak artikulu bat mereziko lukeena, esaterako, emakumeei hainbat belaunalditan “tokatu” zaie eremu pribatuan bizitzea, eta eremu publikoko gaiak gizonezkoenak izan dira, baina oraingoan 13 zinegotzitatik, 8 emakumezkoak izango dira. Bestalde, Ezker Abertzaleak berriro aurkezteko aukera izan du, Udalera bederen, eta ordezkaritza izango du; Alderdi Popularra, berriz, demokratikoki kanporatua izan da Udaletik. Eta ni poztu egin naiz hiru gertakizun horiekin, ai ene! eskerrak hau ez duela irakurriko nik dakidan bibotedun batek.
Beraz baditugu sukaldariak, berriak gehienak, orain espero dugu euren lanari berehala helduko diotela, eta ez direla ibiliko denbora galtzen, elkarri tresnak boteaz…prestatuko dizkiguten platerak gure gustukoak izatea nahi dugu. Besterik ez.