Aurten, azaroaren 17an, beteko ditu 100 urte Azkorte kaleko Egape ikastolaren Bigarren Hezkuntzako eraikinik zaharrenak. 1905ean Urnietako Udaletxea erre zenean herriko umeek eskolak jasotzeko lekurik gabe gelditu ondoren, eta beste hainbat herritan bezala,
Pedro Biteri arrasatearrari esker egin zen eraikin hau. Geroztik, belaunaldi askoren eskola izan da. Geu ere handik pasatakoak gara. Askorik irakatsi ez baziguten ere; erakutsi, behintzat, zertxobait bat erakutsi zigutela esan behar, esaterako, maisua, lurrera eroritako klariona jasotzera makurtu eta galtzak tarrat egin zioten egun hartan.
Eraikin zaharraren ondoan 1971. urtean berri bat eraiki zen. Duela hamaika urte arte, Azkorte ikastetxe publikoa izan zena. Orduan, Udalaren bultzadarekin, eta ez gora-behera gutxirekin, ikastolarekin elkartu, eta egun ezagutzen dugun Egape ikastola publikoa sortu zen. Ikastolak, Lizardi kalean zituen eraikinak, Haur eta Lehen Hezkuntzarako erabiltzea erabaki zen. Ordu-arte Azkorte ikastetxea izandakoa, Bigarren Hezkuntzarako utziaz.
Ikasle kopuru txikia zuen ikastetxe bat izatetik, Bigarren Hezkuntzako eta ikasle kopuru handiagoa bere baitan hartzera pasa zenean, berehala ikusi zen eraikinak ez zituela horrelako ikastetxe batek bete behar dituen baldintzak betetzen. Eta orduan hasi zen eraikin berri baten eskakizuna. Eraikin berri hau egitea, Eusko Jaurlaritzaren egitekoa da, eta horretarako behar den orubea Udalak jarri behar du.
Gu ere, beste guraso asko bezala, ikastolan gure ondar aletxoa jartzen saiatutakoak gara, eta urtea joan, urtea etorri, eraikin berriaren gaiari inongo irtenbiderik ematen ez zitzaiola ikusirik, zezena adarretatik hartzea erabaki genuen. Oso ulertezina egiten zitzaigun, bai Hezkuntza delegazioa, bai Udala, bai ikastolako zuzendaritza, bai gurasoak… denak ados egotea diagnostikoan eta eraikin berriaren kokalekuan ere, eta gauzak bere horretan jarraitzea. Garbiago esanda, nazkatuta geunden beti kantu berdina entzuteaz, nazkatuta geunden “kristo” guztiak ilea hartzen zigula ikusteaz, eta guraso talde txiki batek, bidea berriak urratzea erabaki genuen.
Horrela 2002. urtearen bukaera aldera, eta ikusirik, Udalak, Arau Subsidiario berriak egin arte, arazo honi irtenbiderik emateko asmorik ez zuela, bilera bat egin genuen talde tekniko batekin. Batez ere, jakiteko, Udalak proposatutako bide horretatik joanez gero, noizko izango genuen eraikin berria. Erantzuna argia izan zen: “gauzak ondo joanda ere, 2010. urtea izango da eraikin hori bukatzerako”.
Ez genuen interes pertsonalik, kolektibitatearentzat ari ginen lanean, baina gure seme-alabak eraikin berrian ikusi nahi genituen. Eta asmo horrekin hasi ginen urrats xume batzuk ematen. Agiri xinple bat prestatu genuen, bertan, Udalari, Arau berriei itxaron gabe, eraikina egiteko behar zen lur-saila erosi, eta ondoren lur-sail horri, behar zuen kalifikazio berria emateko gestioak egiteko eskatzen genion (beste hainbat proiektu aurrera eramateko erabili den bide berbera). Herritarren esku jarri genuen, nahi zuenak sinatzeko, eta aste bakar batean ia 1.200 urnietarrek bat egin zuten gure eskariarekin. Hala ere, eta inongo errespeturik gabe, sinadura haiek “zabor-ontzira” joan ziren.
Ez ziren egun errazak izan guretzat, baina, burua oldozteko da, eta aharien moduan talkan ez jarraitzea erabaki genuen. Alde guztietatik saiatu ziren, gu, ezkorrok, konbentzitzen, Udalak proposatutako bidetik joanez gero, 2007rako eraikin berria bukatuta izango zela esanez. “Zuek, botila erdi hutsa ikusten duzue” esaten ziguten. Guk, ordea, politikoen hitzean baino sinesmen handiagoa genuen teknikoen hitzean. Eta honezkero, gai honi buruzko kilo bat paper jaso badugu ere etxean, tamalez, errealitateak erakutsi digu botila erdi hutsa zegoela.