Nonbait hasten da bakoitzaren memoria. Nirea, Oztaranen, Urnietako bailararik ederrenean. Bertan ireki nituen begiak estreinakoz. Bertan ikasi nuen ibiltzen. Bertan egin nituen lehen ametsak…geroztik ere izan dut aukera, denbora eta arrazoi franko auzo horrekin maiteminduta jarraitzeko.
Gaur, egunsentian, arte-makila eskuan hartu eta udaberriaren goxotasunez blaitzera irten naiz. Beste hainbatetan bezala, Oztaran auzotik ibilalditxo bat egitera. Eguzkia irten berritan, eta martxoko euri ugarien ondorioz, zelaiak inoiz baino ederrago daude, basoetan berriz, akaziak eta elorriak soineko zuriz jantzi dira. Txoriak, eguzkiaren lehen printzekin batera kantuan hasiak dira, kukua ere jadanik gure artean da… baina ikuspegi bukoliko lasai hori berehala eten da. Nire linbotik, Urnietako saihesbide berriaren obrekin topo egin dudanean atera naiz.
Lehen, satorrek, kilkerrek eta goldeek bakarrik ausartzen ziren lurralde hau zulatzera, orain aldiz, hondeamakinez eta kamioiez josita ikusi dezakegu. Mantxako On Kixotek, bere ezkutari potoloari esango liokeen bezala: “Santxo laguna, progresoarekin topo egin diagu”.
Errepide berria izango denaren ibilbidean sartu orduko, harri-koskorren gaineko pauso krokanteen oihartzuna entzunaz, begiak itxi eta memoria ireki dut, eta han ikusi ditut, Artoleako Joxe Ramon artoa jorratzen, Otsategiko Isidoro marmitez beteriko bere kamioiarekin, Mokoroako Nikanor sega bizkarrean duela, Adarragako Lontxo idi-parearen aurrean iñistorretara, Ramonita eta Argarateko Karmen bakoitza bere astoarekin esnea saltzera, Elutsetako Joxe segan lur aldapatsuetan, Agirietako Juan Kruz musean, Almortzako Atanasio eta Joxe Martin zakur bana gidari dutela bakoitza bere artaldearekin, Gurutzetako Kaxiano sagar biltzen, Zibulioko Manuel aitzurra bizkarrean hartuta baratzerako bidean...Hauek guztiak, gehienak joanak, beste batzuk oraindik gure artean, baserriko lanetik bizi ziren, lana bakarrik ez, gogoratu dut, bizi ere, euskaraz bizi zirela. Euskara zela dibertitzeko, sufritzeko, sentitzeko eta komunikatzeko erabiltzen zuten hizkuntza.
Garbi dago trafikoaren arazoa handia dela, eta daukagun garapen eredua bazter-janean oinarritzen denez, azpiegitura berriak ezinbestekotzat hartzen ditugu daukagun ongizatea bermatzeko.
Azpiegitura berri hauek egingo badira, gero eta eskasago diren lursailak beharrezkoak dira, eta non daude lursail hauek? Baserrietan, eta noski, hauek harrapakin erraza dira edozein hirigintza planerako.
Bost baserri eramango ditu Urnietako saihesbideak, Bakero eta Mandazubi Hernaniko partean, Almortzategi eta Lekuna Ergoien auzoan eta Zibulio Oztaran auzoan. Harri zahar horiekin batera, gure historiaren, gure kulturaren zati bat desagertuko da betirako. Baserri horietako jabeek inoiz ez zuten pentsatuko horrelako esperientziarik biziko zutenik. Ustez herritarren alde eta onerako aritu behar duten instituzioek zerbait gaizki egiten ari dira, mendeak dituzten baserriak hain erraz botatzen dituztenean, eta beraietan bizi diren adineko pertsonak hain gaizki tratatzen dituztenean. Ostikoka botatzen dituzte traba egiten dutelako, edozein gaizkileri ere ofiziozko abokatu baten zerbitzua eskaintzen zaion gizarte berean.
Arrazoibideak minbiziak jota dabiltzan honetan, nahigabeturik etorri naiz etxera, Oztaran auzoari gelditzen ari zaion itxura ezin irentsirik. Eta nire atsekabea handitu da, zutabe hau idazten ari naizela, Zibulioko Arantxaren deia jaso dudanean: “baserria botatzen hasi dituk” esan dit. Guztiz eraitsi aurretik, denbora izan dut, argazki bat egin, eta klarionaz, bertako paretean idazteko: “Oztarango auzo zaharra, jadanik ez zara txorien kantuekin esnatuko. Aurrerantzean, auto eta kamioen burrunbak esnatuko zaitu”. Malko batez sinatu dut.