FSLNk (Frente Sandinista de Liberación Nacional) hauteskundeak irabazi ondoren, urte hasieratik Daniel Ortega da, ehuneko berrogeita hamarra emakumeak dituen Gobernuaren buru. Nikaraguako Presidente berria.
Jendez gainezka omen zegoen Managuako plaza nagusia urtarrilaren hamarrean. Irteten zen presidentearen eskutik kargua hartu ondoren, Daniel Ortegak bertan egin behar zituen hitzen zain. Gaua iritsia izanagatik inor ez omen zen mugitu bertatik, halako batean, jendetzaren poza eta algara artean Hugo Chavez, Venezuelan egun berean izendatutako presidentea, eta Evo Morales, Boliviako presidentearekin batera plazan sarrera egin zuen arte.
Horrela eman zitzaion hasiera aro berri bati Nikaraguan, atzean utziaz hamasei urtetan zehar Gobernu neoliberalek egin eta desegin duten guztia. Jende xumearentzat itxaropenen berpizte baten aurrean daude, baina, gauzatuko al dira beraien barruan piztu diren ilusioak? Izugarrizko lana dago aurretik eta bidean ez da dena laguntza izango, erasorik ere ez baita faltako, nahiz eta, oraingoz, Estatu Batuetako gobernuak, gobernu berria onartu duen.
Nolakoa da gaurko Nikaragua? Datu bakar bat: Amerika osoko naziorik txiroena, Haiti izan ezik. Presidente kargua bereganatu ondoren, ALBA (Ameriketako Bolibarren esparruko Aliantza) akordioaren sinatzaile berria bihurtu da Nikaragua. Kuba, Venezuela eta Boliviarekin batera. Bide honetatik zenbait akordio ekonomiko sinatu dituzte jadanik Venezuela eta Nikaraguaren artean, besteak beste, energia, finantzak eta garraioa suspertzen lagunduko dutenak. Jende xehearen egoera hobetzeko asmoarekin egindako akordio hauek, herrialdeen arteko elkartasunean oinarritzen dira.
Bestalde, sandinisten garaipenarekin gehiegi poztu ez den jendearen artean, bi jarrera ezberdin bereizi daitezke. Batetik, betidanik Sandinisten aurkakoak izanik, gaur egun bere buruari “liberal” deitzen diotenak, eta bestetik, zenbait jende, Sandinista izan dena, baina partiduaren egungo zuzendaritza gustuko ez duena. Azken hauentzat, Ortega familia, eta bere kideen kontrolpean dago FSLN, eta bere asmo pertsonalen morroi bihurtu dute alderdia. 1979ko iraultzak bultzatu zuen indarrak batzea eta elkartasun giroa, oraingoan alde batera utzi dutela sentitzen dute.
Hala eta guztiz, aldaketa doinuak nagusi dira Nikaraguan, eta itxaropen haizea indartzen ari dela dirudi. Batez ere, hiri eta herri handietako auzorik baztertuenetan bizi direnak babesten dute gobernu berria, eta kontutan eduki behar da, hauek, biztanle kopuru handia osatzen dutela, eta beraiek direla, aldaketa handienak espero dituztenak.
Kontutan eduki behar da, baita ere, FSLNk, nahiz eta hauteskundeak irabazi, inoiz baino boto gutxiago lortu dituela, eta Asanblada Nazionalean daukan parlamentario kopurua ehuneko hogei eta hemezortzia besterik ez dela, beste inork baino gehiago, baino “liberal” indarrak batu ezkero gehiengoa osatuko lukete.
Beraz, itxaropen, mesfidantza eta izugarrizko leien aurrean dago gobernua eta herria. Presidente berriaren hitzetan, “Hezkuntza sisteman gazte guztiak integratu behar ditugu, analfabetismoa gainditu, osasun zerbitzuak nikaraguar guztiei eskaini, lan postuak gehitu, ekonomia garatu, eta, batez ere, jendearen artean maila ezberdinak mantentzen dituen sistema neoliberal hau gainditu”.
Urruti geratu dira 1979ko iraultzak zabaldu zituen aukerak eta bideak. Nahiz eta orduko iraultza gidatu zuten eta gaur agintari direnetako asko, pertsona berdinak diren. Denbora eta egoera zail asko pasa dira, ea azkenean, nahiz eta egun haietako ilusiorik ez zabaldu, gaurko egoerak aurrean ezarri dituen zailtasunak gainditzeko bideak zabaltzen diren, hor baitago gakoa eta hori baita nikaraguatarren itxaropena.