Arratsaldeko bostak. Donostiako Arantzazuko Ama ospitalean hasi naiz lerro hauek idazten. Leku hobeak ezagutzen ditut igande arratsalde bat pasatzeko, baina familiarteko baten gaixotasunak gaurkoan hona ekarri nau.
Leihotik begira jarriaz gero inguru guztia soineko txuriz jantzita ikus dezaket. “Goiko mendian elurra dago, errekaldian izotza”… ikuskizun ederra kristalaren alde honetatik begira egoteko. Hemen barruan, berriz, ohean daudenentzako beharrezkoa den tenperatura beroegi egiten zaigu osasunez ondo gaudenoi.
Erizainen joan-etorriak, ondoko ohekoari etorri zaizkion bisitak eta irratia piztuta izateak ez du idazteko orduan beharrezkoa den kontzentraziorako leku handirik uzten. Barkatzen jakingo duzuelakoan nago.
Hemendik gertu, Anoetan, hasi berria da derbya, eta jadanik Iraola usurbildarrak lehenengo gola egin du. Realaren jarraitzaileak, azken bolada honetan, hemorroideak dituztenen moduan dabiltza: isilik sufritzen.
Futbola alde batera utzita, beste gai bat ekarri nahi nuke lerro hauetara. Argitaratu berriak dira Urnietako kaleetan euskararen erabilpenari buruzko datuak. Inkestetan sinismen handirik ez dutenen taldean sartzen naiz. Emaitzetan, inkesta ordaindudunaren aldeko datuak agertzen direla uste izan baitut. Hala eta guztiz ere, eta eman dizkiguten datuen arabera, ez dugu poz handirik sentitzeko arrazoirik. %23ak erabiltzen omen du euskara Urnietako kaleetan. Horrek berak garbi adierazten digu beste %77ak ez duela erabiltzen. Kezkagarria.
Herriko ikastetxe guztietan D ereduan egiten dituzte ikasketak gure seme-alabak, baina gure hizkuntzari dagokionean ikastetxe guztiak ez dute jarrera berdina erakusten. Gurasoen bileretan ederki frogatzen dugu diodana, “arratsaldeon, ongi etorri” esan ordurako: “como deciamos en euskera, buenas tardes y bienvenidos” ekin jarraitzen dute, hortik aurrera euskararik erabili gabe. Soilik falta zaie arratsaldeon esanagatik barkamena eskatzea. Hori bai, Bai Euskarari ziurtagiria eskuratua dute. Ez dakit zein irizpide erabiltzen duen Kontseiluak ziurtagiri hori emateko orduan. Eskertuko nuke norbaitek adieraztea, agian nire ezjakintasunagatik, ikusten dudana ulertezina egiten baitzait.
Ikastetxeetatik kanpo ere gure gazteek egun erreferentzia arrotz gehiago dute bertakoa baino. Mundu guztiko informazio zaparrada bat jasotzen dute. Bertako kontuekin gabiltzanok, adierazpen propioz osaturiko mundutxo bat eraiki nahi dugu. Herrietako bizitza bizi nahi dugu, munduan gertatzen ari denari burua zabalik. Horretan sinesten dut. Norberaren sustraiak ezin dira galdu. Euskal Herrikoa izateak elikatu egiten nau, eta argi dut euskararen alde egin behar dudala. Etor dadila nahi bada globalizazioa, baino guk ate batzuk jarri behar dizkiogu, bestela, nortasun propiorik gabe, folklore hutsean geldituko den herri txepel bat izango gara.
Anoetan, Iraolak bigarren gola sartu du. Bitartean, alboan dudan ohean dagoen nire osabak sueroaren botilan sagardoa nahiko luke, berria posible izatera, iazkoa gogortzen hasia dago eta. Ondoko oheko aitonak, ospitaleko janari guztiak zapore berdina dutela esaten dit, eta gaur bazkaltzen ikusi ondoren ziurta dezaket bene-benetan ari dela. Lehendabizi konpota, ondoren barazki purea eta azkenik zopa jan baititu. Umetan ikasi genuen “el orden de los factores no altera el producto” hura, egia dela erakutsiz.
Azkenean bukatu da derbya. Lehoia disekatuta omen zegoen…eskerrak egin ez dudan kinielan 2a jarria neukan. Hemen bukatzen dut igande arratsalde honetakoa, gaizki pasea, ondo pasea, pasea dagoela da garrantzitsuena. Horregatik bihar itzuliko naiz.