Euskaldunok berriro trantsizio garaian gaude. Zer trantsizio? galdetuko du norbaitek. Hemen beti bezala gaude, esango du beste norbaitek, eta seguruenik arrazoi faltarik ez du izango. Barajasko eztandaren ondoren, ni ere Ikean erositako behiak jezteko aulkia ganbarara igo beharrean izan bainaiz; hitz-egiteko gogorik ez dagoenean alferrik baitira mahaiak eta eserlekuak.
Gure belaunaldiko askori entzun diot azken egunotan, ez dugula konponezina besterik ezagutu bizitza osoan, eta orain bakearen beharra dugula guretzat eta batez ere gure seme-alabentzat. Desio ederra bakearena, fundamentuzko ezer egin ahal izateko korapiloan harrapatuegi gauden honetan. Baina nola askatu korapiloak? Nola adostu erdibideko akordioren bat? Zer egin? Nola jokatu? Ez naiz orain goi-politikaz jardungo, hor egosten denaz, lehen ez genekien, orain ere ez dakigu eta gerora ere ez baitugu ezer askorik jakingo. Dakiguna, hori bai, sendatu beharreko zauri asko dagoela gure artean eta Jonan Fernandezen Arantzazuko “txiringitoa” baino zerbait gehiago beharko dugula egungo egoera gainditzeko.
Euskaldunontzat jana eta edana ere gauza garrantzitsuak izan dira. Eta dira. Gai honetan ere trantsizio garaia dugu hau. Pasa zen astean bukatu ziren Eguberriak eta datorren astean hasiko da sagardotegi denboraldi berria. Hemen bai, inongo arazorik gabe elkartuko gara kolore guztietako euskaldunak mahai baten inguruan. Europako iparraldetik ekarritako haragia eta Galiziatik ekarritako intxaurrak jan eta Frantzia, Asturias eta Galiziatik ekarritako sagarrekin egindako sagardoa dastatuz. Eta alkohola odolarekin nahastutakoan elkarrekin kantuan egiteko ere prest izango gara.
Hirugarren trantsizio batez ere idatzi nahi dut gaurkoan. Trantsizio hau ere askok nahiko genukeen baino luzeagoa izango da. Kanpotik Euskal Herrira bizitzera etorri eta horietako dezentek euskalduntzeko egiten duten ahaleginaz ari naiz. Mila arrazoi ezberdinengatik askok ez dute sekula-santan euskararik ikasiko nahiz eta gure artean ia bizitza osoa eraman, baina badute halako sinpatia bat gure kultura eta hizkuntzarekiko. Ez dute zalantzarik izaten seme-alabak ikastolara bidaltzeko orduan. Euren ondorengoak bizi diren gizartean guztiz integraturik ikusi nahi dituzte eta horretan ahalegin berezia egiten dute.
Sarritan arnasa beharrean aurkitzen garen euskaltzaleok ere begi honez ikusten gaituzte. Horren adibide dira, euskararik ulertu gabe ere, astekari honetako harpidedun egiten diren bikoteak, batzuk seme-alabengatik, beste batzuk elkartasun keinu bat egin asmoz…
Esan nahi dudana ulertzeko adibide ezin hobea izan zen, duela hilabete izandako Bizkaiko Bertsolari Txapelketa. Dakizuenez, Xabier Paia, hogeita lau urteko Algortarra izan zen irabazlea. Bertsolari hau berezia da, freskoa, barruan sentitzen duena izugarrizko naturaltasunez kanporatzen duena.
Txapelketa guztian zehar burua, bihotza eta eskuekin kantatu ondoren eta txapela berea zela jakin zuenean erakutsitako naturaltasunaren (saltoka ibili zen oholtzan) ondoren, azken agurrarekin hunkitu gintuen guztiok. Euskaraz ez dakien bere amari, euskaraz gozatu egiten duela adierazi zion, gazteleraz kantatuz bukatu zuen bertso honekin:
Bost izen bota nahi dodaz
merezi daben neurrira
maixu handi Amuriza
eta Lopategi biba
Trino eta Joseba Santxo
epaile onenak dira
bosgarrena ulertu barik
hor egongo da begira
tu no nos diste el euskera
pero nos diste la vida
nos mandaste a la ikastola
aprendimos enseguida
ya es hora de que entiendas
el canto que nos motiva
esta txapela es tuya
ai nire amatxu querida.