Oso haurra nintzen, sei urte baizik ez nituen eta, 36ko gerra hasi zenean. Baina txikitako zenbait gertaera grabatuta bezala geratzen dira haurraren buru-bihotzetan. Gerrakoak eta beronen ondokoak ditut aipagarri kasu honetan. Horietara bilduko naiz gaurkoan.
Lehenik eta behin Urmenetako Migelen heriotza izan zen Arantzubi atariko neska-mutikoentzat gerraren zantzu nagusia. Bi gizon pistoladunek erdian hartuta ekarri zuten eta Erratzuko zubi ondoko artasoroan bi tiro eman eta eraila izan zen gure gizona. Ondo gogoan dut gure amak eta auzoko Anjelesek aurpegi eman ziela. Euskaldunak ziren hiltzaileak, gorriak edo... Izpia zela egozten zioten. Joxe Mari anaia txikiagoaren ateraldia amari: "Ama, eta orain zeinek egingo digu sagardoa? Izan ere Urmenetatik ekartzen baitzen gurera urteko sagardoa. Gorpua Dendaldegi baserriko baratzean lurperatu zuten behingoz. Handik egun batzuetara hilerrira eraman zutenean bizarra nahiz ilea hazita omen zituen.
Bestetik, Oblatoen Komentua, gure etxetik eta parrokiarako bidean ezkerrera zen etxe erraldoi handia dut gogoratzen. Eta nire lehen eskola izan zena. Ez dakit bertan zenbat hilabete (edo zenbat egun) egin genituen, baina komentua izan zen nire eta anaia txikiagoaren hasierako eskola. Ni hasi eta hurrengo egunean nire atzetik bertan presentatu zen hau, maisuak onartu eta horra beste gabe eskolan nola hasi ginen. Bazterreko aulki luze batean ipini gintuen maisuak eta uste dut handi eta txiki 50-60 bat ikasle baginela denetara. Oroitzen naiz burdinazko ate batetik zuela elizarako sarrera eta honen ondoko lokala izan genuela lehen eskola. Ez dakidana zera da, ea zergatik ez ginen herriko eskolara joan. Eskola hau obratzen ari zirelako? Baliteke.
Fraideetarik zenbait aski ezagunak ziren gure gurasoentzat, Pedro izeneko bat bereziki, errenteriarra bera eta euskaldun petoa bezain abertzalea eta gure etxean sarrera handia zuena. Sukaldari zeregina zuenez, gure aita izaten zuen sukaldean laguntzaile urteko jai nagusi batzuetan, eta sukaldeaz aparte, beren baratzeko erleak edo erlauntzak zaintzeko lanetan. Guk ere gogotik maite genuen Pedro, zeren eta harekin goxoki batzuek eta gailetak segurtatuak izaten baikenituen.
Frontearen erasoa etorri zen gero, eta ondorioz erre eta kiskalia izan zen komentua bera ere. Erasoarekin batera edo beronen beldurrez baina ahal zuenak ahal zuena egin zuen Onddi/Santa Barbara bitarte horretan fronteak iraun zuen arte. Gure familia bitan banatu zelarik, batzuek Barkaiztegiko amonaren babesa bilatu zuten eta besteak aita/amekin Larramendi Txarako txabolak hartu gintuen bere baitan. Sei senide ginen eta hiru batera beste hiruak bestera banatu gintuztelarik. Gure kasuan, ogia eta jatekoen bila Agerre Borda baserritik barna Andoaina joan behar izaten genuen, arreba zaharrena eta biok. Nik neuk sekulako beldur ikara larria pasatu nuen hango egunetan, behin alboan zegoen Zaldundegiko pinudira gainetik pasatu zen abioiak zenbait bonba bota zituenez geroztik. Harrezkero arreba bera bakarrik joan zen enkarguak egitera, ni ez nintzen eta, uste dut, pixa egiteko ere txabolatik irteteko gai izan.
Txabolaren barnean, belar edo lasto gainean egiten genuen lo. Edateko uraren iturria delako pinudi horretan, txabolatik eta berrehun bat metrotara genuen. Ez zen zorte txarra hala fede! Ez dakit han egon ginen egunetan gure amak arroparik garbitu ere egin zuen. Ez naiz oroitzen. Sua bai, janaria prestatzeko, txabolaz kanpo egiten zuen eta beti ere balde bat ur alboan izaten zuela bai, abioiren bat urrunean sumatuz gero berehala itzaltzeko moduan.
Hala ere, agidanez Barkaiztegin amonarekin izan zirenek egoera larriagoa bizi izan zuten. Batzuek Ondditik, besteek Santa Barbaratik tiroketari ekiten ziotenean, amona haurrak hartu eta, arrosarioak eskuetan, herio bizian joaten ziren Zumiztiko zulora, zegoena zegoenean utzita, beren buruak babestera. Ororen buru, bestelako istoriorik ere kontatu ohi zuten gerora. Zer ote da ume izatea? Bateko edo besteko kainonazoek ederki apuntatzen zituzten Latxe eta Saordegiko baserri etxeak, esaterako, eta haietakoren baten teilatua gainera jaurti bonbaren batek astintzean, ez dakit txaloka baina festa giroan bai begira egoten zirela badakit.
Ez zuen halako girorik ezagutu, noski, une hartan Saordegiko ama Baldomerak alaba bat hilotza ganaduen ganbela aurrean utzita, beste bat elbarritua besoetan zuela iheska, beren buruak bizirik salbatuko bazituzten, etxetik aldendu beharrean izan zirenean.
Gerrako kontuak esango duzu, ume baten ikuspegitik hartu eta emanak diren arren. Alabaina hurrengoan jarraituko diot gaiari ikuspegi helduagorekin.