Nola ote da euskaraz “impresentables”?

Erabiltzailearen aurpegia Joxin Azkue 2016ko ots. 25a, 01:00

Eliza katoliko ofiziala eta ni ez gara lagun minak. Aitortzen dut. Nire adiskide eta ingurukoek badakite oso bestelako pentsaera dudala eta guztiz desberdin ulertzen dugula nondik gatozen eta nora goazen. Saiatzen naiz, ordea, kristau sinestunei zor zaien errespetuari eusten. Gure gizarte korapilatsu eta zail honetan justiziaren eta karitatearen aldeko solidaritate eta konpromiso tinkoa erakutsi duten sinestun bat baino gehiago ezagutzeko zortea izan dut. 

Ez naiz ni, beraz, fededunen sinesmena hutsalkeriatzat hartu eta beraiekiko errespetua galduko duenik. Ez behintzat sinestun bana-banakakoekiko. Oso bestelakoa da, baina, Eliza Katoliko Ofizialari buruz dudan iritzia. Nola begirune izan gure gizartearekiko gutxieneko errespetua erakusten ez duen erakundearekin? Nola eskatu gizarteari elizaren pentsaerak beraienak bailiran babestu behar direla, elizak etengabe infernuarekin mehatxatzen gaituenean?

Gauza bat behintzat aitortu behar zaio eliza ofizialari: berak biltzen duen komunitatea otzantzea eta isilaraztea lortu duela. Bai, kanpoan entzuten ditugu barne-zalaparta txiki batzuk. Ez dakit zenbat apaizek agiri bat sinatu omen dute Munilla gotzainaren aurka elizbarrutia bere feudotzat hartua duelako, edo kristau batzuek deseroso daudela Munillak eliza gidatzeko duen erarekin… Ez dute, ordea, eliza kudeatzen dutenen aurkako benetako tsunamirik sortzen. Berehala desagertzen diren uhintxo txiki batzuk besterik ez.

Zenbaitetan elizatik kanpo gaudenoi irribarre txiki bat sortzen zaigu, autoa hartu aurretik otoiz egitea eta behin gidatzen ari ginela arrosarioa errezatzea gomendatzen zigun  gotzain hura entzutean adibidez.

Baina nazka-nazka eginda nago Rouco Varelaren kume nazional-katoliko horien etengabeko astakeriak entzuteaz. Torquemadaren Inkisizioak gizartea mendeetan beraien nahiera egituratzeko boterea eman zien eta, orduan bezala, gizon-emakume askok desiratzen duten askatasunaren aurka jarraitzen dute. Nahi dutena nahi duten eran esateko eta egiteko ahalmenaren jabe bakarra eta osoa direla uste dute. Lotsagarria, adibidez, generoen ideologiaren aurka daramaten gurutzada, transexualek eta homosexualek familian eta gizartean baztertu gabe leku normal bat izatea besterik nahi ez dutenean.

Nola isildu entzuten diegunean abortu-eskubidea doako kaleratzeko enpresariaren eskubidearen antzekoa dela? Edo gotzain batek bortxakeriaz hiltzen diren emakume gehienei senarren gainetik jarri nahi izateagatik gertatzen zaiela dioenean?  Adibideak etengabeak dira:  in vitro ernalkuntza akelarre kimikoa omen da, aborto-eskubidea Auschwitz-erako trenen antzekoa dela, homosexualen ezkontza hiru eguneko haur baten eta aiton zahar baten, edo gizon eta zakur baten artekoaren ezkontzaren antzekoa omen… Pentsa: Mariano Rajoy sexu-kontutan marxista dela esatera iritsi dira!

Gotzain bati irakurri nion elizan bai, izan direla haurren bortxaketak, baina deskuidatzen bazara, haurrek beraiek probokatzen dutelako dela.  Eta hori guztia entzun behar zaio irribarre mantekilloso faltsua erakusten duen agintari bati, ahotik lerde pedofiloa erortzen zaion bitartean. Hori: impresentables.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!