Je vous salue, Zizurkil

Erabiltzailearen aurpegia Joxin Azkue 2016ko ots. 2a, 01:00

Kezka handiz irakurri berri dut azken kale neurketek diotena: euskararen erabilerak goia jo omen du. Ez omen dago hobekuntza tarterik euskal hiztunen kopuruak nabarmenki gora egiten ez badu eta, aldi berean, hiztun berri horiei euskarazko harremanetan txertatzeko aukerarik eskaintzen ez bazaie.
Kaleratu diren Zizurkilgo datuak ere irakurri ditut. Herritarren %80 euskalduna edo ia euskalduna omen. Baina Soziolinguistika Klusterrak aztertu duenez eta tristea bada ere, zizurkildarren %32k soilik erabiltzen du normalki euskara.

Gauzak nola diren, euskararen erabileraren neurketa irakurtzen ari nintzela, gogora etorri zait gure gazte denboran nonahi ikus zitekeen eta gaur desagertu den Joxean Artzeren leloa: Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik.

Gure Zizurkil etorri zait burura. Eta, segidan, Mikel Laboak kantatzen zituen Xalbador handiaren bertsoak, Herria eta hizkuntza izenburukoak. Badakizue: bi lagun eztabai betean ari omen ziren ostatu batean. Biak euskaldun, zintzoak ustean, sesioan ea bietatik nork maite zuen gehien Euskal Herria… baina frantsesez mintzo zirenak. Je vous salue, Marie!!

Xalbadorren kantarenak abertzaleak ziren, ustez behintzat, baina frantsesez, erdaraz mintzatzen zutenak. Neure golkoari galdetu diot nola izan daitekeen UPNkoa eta abertzalea edo euskaldun abertzalea eta era berean gehienetan gaztelaniaz mintzo. Abertzale herria maite duena omen da, herriaren alde saiatzen edo borrokatzen dena. Hitz batean, herria bihotzean daramana. Ni ez naiz inor gure hizkuntza inori inposatzeko, baina ezin dut ulertu bere burua abertzaletzat duena eta ia beti euskara zokoratzen duen ustezko abertzalea.

Gainera, talde bateko norbaitek euskaraz hitz egiten ez badaki edo euskara ulertzeko arazoak baditu, egoera horrek gazteleraz hitz egitera eramaten gaitu. Nola jokatu, ordea, ni-ni-ni herritarrekin, hau da, ni estudia euskara, ni practica euskara, ni tiene la menor intención…? Taberna guztiak beti gaztelaniaz aritu beharko ote du? Eta horrelakoetan euskaraz erantzungo bagenie horrelakoei, norena litzateke errespetu falta? Gurea ala beraiena?

Egoera ez zaizue arrotza egingo. Horretarako ez dugu urrutira joan beharrik. Nahikoa da gure herriko, Zizurkilgo tabernetara sartzea, bai Elbarrenan, bai Herrigunean ere. Han ikusiko dituzue betiko koadrilak, aspaldiko bikoteak… ama-hizkuntza euskara dutenak asko, herria zenbat maite duten kontatzen… baina gaztelaniaz, Xalbadorren bertsokoek bezalaxe.

Kontua, gainera, ez da hor bukatzen. Jarrera horrek sekulako eragina du herrira bildu diren etorkinengan. Zergatik ikasi behar dute euskara Zizurkilgo baserrietan lanean ari diren ekuatoriarrek, gure alabekin ezkondu diren senegaldarrek edo igeltserotzan diharduen auzoko portugaldarrek? Total, erdararekin aski ondo moldatzen dira. Buruhauste bat gutxiago. Pentsa: euskaldunek beraiek harremanetarako ez badute euskara behar, zergatik konplikatu beharko lukete beraiek bizitza?
Jarri belarria tabernetan, kalean… Geniona: je vous salue, Zizurkil.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!