“Campechano y simpatico” omen...

Erabiltzailearen aurpegia Joxin Azkue 2014ko ira. 3a, 12:49

Normaltasun irudia eman nahi izan diote prozesuari, baina ezin ahaztu iragan ekainaren 18an Juan Carlos Borboikoa erregetza utzi beharrean aurkitu zela, aski jakina den bezala. Biharamunean, 19an, haren semea izendatu zuten Espainiako errege, Felipe VI.a izenarekin.

Bat kendu eta bestea jarri, laster asko ezarri ziguten errege berria, Felipe semea. Eta zein dira, bada, errege izendatua izateko Feliperen merituak? Juan Carlosen seme izatea. Ez besterik, horri meritu dei badiezaiokegu behintzat. Aitarenak ikusita, zeruak babes gaitzala semearekin!

Juan Carlos, Juan Carlos!! Zenbat lan egin dik Espainiak hire irudia zaintzen! Zein ondo prestatu eta mantendu ditek hire figura publikoa urteetan zehar, Franco diktadoreak berak erregetzarako izendatutakoa hintzeala ezkutatuz: “campechano y simpático” omen espainiar gehienen aburuz. Lan handiak hartu dizkitek hire benetako irudia gordetzen, baina azkenean hire golfokeriak eta parrandak estali ezinak bihurtu zaizkitek. Gona guztien atzetik ere ikusi haute, koroa buruan eta botila eskutan, zuen aurreko Borboiko gehienen antzera.

“Campechano y simpático”… eta garestia guretzat. Segurtasuna, errege-guardia, autoak eta abar luzea aparte utzita, txantxetakoak ez diren 60 milioi euro kostatzen omen zaigu erregea urtero. Tristeena, ordea, kopuru izugarri hori hutsaren hurrengoa besterik ez dela Juan Carlosen irabazpideei erreparatzen badiegu. Aski jakina da 1975ean, errege izendatu zutenean, patrikak hutsik zituela eta garaiko banku-jabe eta enpresario aberatsenek (Valls Taberner, Ruiz Mateos…) “paga” ematen ziotela orduan, ez musu-truk noski. Horrelakoek ez dute deusik dohain ematen.

Maixu horiekin, Juan Carlosek ere laster asko ikasi zuen “negozioak” egiten eta horren garesti ateratzen zaigun arabiarrei erositako petrolioaren komisioei eta antzeko hainbat negozio iluni esker munduko aberatsenen artean kokatzen dute gaur egun errege ohia. New York Times aldizkari estatubatuar ospetsuak jaso duenez, 2600 milioi dolarretik gora izan behar ditu nonbaiten gordeta esku hutsik etorri zen errege ohi “maitagarriak”. Irakasle aparta izan du Urdangarin suhiak.

Eta noski, behin erregetza utzita, epaitegietako bidetik babestu behar izan dute Juan Carlos korrika eta presaka. Errege “campechano y simpático-ak” nonbait ez zuen kontzientzia oso lasai eta Espainiako erregetzaren irudia erabat ez amiltzearren, hark egindako gehiegikeriak blindatu behar izan dituzte arrapaladan, txapuza legal baten bidez. Urdangarin, tira! Azken finean, haientzat Zarzuela kanpotik itsatsitakoa da. Baina erregea eta haren familia ukiezin bihurtu behar izan dituzte. Hau jakin eta gero, gogoan duzue duela gutxi Juan Carlosek berak lotsa askorik gabe esan zuena? “Justizia denontzat berdina da”. Nazkagarria!

Juan Carlosen figura kinka larrian, hurrengo Borboikoa ezarri digute, ea horrekin koroaren irudia zuzentzen duten. Baina nolako zura, halako ezpala. Juan Carlos edo Felipe, Felipe edo Juan Carlos, utikan guztiak! Eta monarkia betirako desager dadila Euskal Herritik. Alde hemendik.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!