Euskaldun zintzoak... ustean

Erabiltzailearen aurpegia Joxin Azkue 2013ko uzt. 5a, 10:54

Sekula gogotik ez zaigu joan, ezta joango ere. Baina fisikoki gure artean balego, Mikel Laboak 79 urte beteko zituen ekainaren 15ean. Hura gogoan, euskal musikaren itsasargi zenaren hainbat abesti entzuten pasatu nuen arratsaldearen zati polit bat. Zein baino zein zirraragarriago kantuak, Herria eta Hizkuntza izena daraman abestiaren letra iritsi zitzaidan, Mikelen eztarri bereziaren doinuetan bilduta. Badakizue nola dien letrak:  Iparraldeko bi lagun tabernan zeudela; haietako bat, euskaldun zintzoa ustean, erdaraz mintzo zela eta “Gora Euskal Herria” frantsesez ziola. Lagunak, aldiz, herria gorputza bada, hizkuntza bihotza dela dio. Eta herria, hizkuntzatik bereizten bada, “segurra hilotza”.

Zahartzen ari naizelako agian eta urteen joana horrek nostalgia puntua dakarkidalako edo, entzun berri nuen abestiaren hausnarrak neure buruarekin filosofatzeko parada ireki zidan. Konturatu nintzen Laboak abestian kontatzen digun pasadizoak geure inguru hurbilean gertatzen denarekin antzekotasun handia zuela. Kantuaren iparraldeko bikote hura bezala, hor ikusten dut gizon-emakume herritarren kuadrilla Zizurkilgo tabernan, mahai handiaren bueltan eserita, zein baino zein jatorragoa eta, abestikoak bezala, euskaldun zintzoak ustean. Nork jarri lezake zalantzan mahaiaren bueltan daudenen euskalduntasuna? Nola bada!!! Gehiago edo gutxiago, euskaraz moldatzen direnak dira, euskaldun zahar peto-petoak asko. Ez jakin bakarrik, aizue: baita hitz egin ere…  haurrei eta agureei. Entzun ditzagun mahaikoak: Errealaren kanpaina bikainaz ari dira, independentziaz eta autodeterminazioaz agian, borrokaren beharraz akaso… euskaldun sentitzearen harrotasunaz behar bada, baina erdaraz mintzo dira. Barru-barruan, muin-muinean, erdara dute hizkuntza, euskaraz ondo asko moldatzen badira ere. Ez okurritu, ordea, erdaldunak ote diren galdetzea. Mesedez!!! Seko haserretuko zaizkizu, inongo zalantza izpirik gabe euskaldun zintzoak baitira… ustean.  

Ezker abertzaletik independentzia eta sozialismoa bultzatzen dugu, internazionalismoa eta ekologismoa, demokrazia parte-hartzailea eta feminismoa bezalako baloreak. Baina, esate baterako, katalandarrak edo saharauiak ere horren guztiaren alde borrokatzen ari dira. Eta zerk bereizten gaitu gu haiengandik guztiengandik? Gure hizkuntzak eta gure kulturak. Bai, Euskara da euskaldun egiten gaituena. Oskorrik sortu zuen esaldi ezagunari aldaketatxo bat egitera ausartuko nintzateke: euskara baino, euskaraz egitea da euskaldun egiten gaituena. Esan dezagun garbi eta ozen: ez dago bere bizitzan euskara zinez lehenesten duen egiazko abertzalerik, ezker abertzalearen boto-emaile eta ustean euskaldun zintzoa bada ere.

Geuk euskara bizi ez badugu, nola euskaldundu ingurua? Nola sortarazi gizarte euskalduna? Alferrik. Villabonako Kutxabank-en gertatu zaidana adibide: bertaratu naizen azken bietan langile bakarra bezeroak atenditzeko… eta erdalduna bera! Kutxabanken lotsagabekeria eta axolagabekeria gure hizkuntzarekiko, zalantzarik gabe. Edukazio txarrekoak gainera: gertatzen ari zena salatuz idatzi nien oharra eta ez didate inongo erantzunik eman. Hori bai: ziur nago Kutxabankeko arduradunak ere euskaldun zintzoak direla… ustean. 

In memoriam Joxan Lizarribar, euskararen gudari. Agur eta ohore!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!