Zizurkilgo kanoiak eztabaidagai

Erabiltzailearen aurpegia Joxin Azkue 2012ko eka. 11a, 15:23

Duela justu 500 urte, 1512an, Fernando Katolikoak gerra deklaratu zion Frantziari. Joan Albretekoa, Nafarroako Erregea, neutraltasuna aldarrikatzen saiatu zen, baina alferrik: 1512ko udan, Gaztelako eta Aragoiko armada su eta gar sartu eta Nafarroa konkistatu zuen, Albako dukearen gidaritzapean.
Ahalegindu ziren Nafarroako errege-erregina erresuma berreskuratzen. Armada bat antolatu (garai hartan ohi bezala, mertzenarioz ere osatuta, alemanak kasu honetan) eta gaztelarrek okupatuta zuten hiriburua, Iruñea, inguratzera iritsi ziren baina, tamalez, setiatuen laguntzarako armada berri baten etorrerak nafarrak atzera jo eta Baztanerantz eta handik Frantziarantz ihesari ekitera behartu zituen.

Ihesaldi horretatik dator Zizurkilgo armarria. Iheslari nafarrak Baztango Belateko maldetara iritsi ziren aipatutako 1512ko abenduaren hasieran. Han, Gaztelaren zerbitzura zegoen eta gain horietan zebilen gipuzkoar multzo batek artilleria garraiatzen ari zen aleman talde batekin topo egin zuen. Hauek, mertzenario izaki, sakabanatu eta ihesari eman zioten zeramatzaten kanoiak bertan utzita. Ikuspegi militarretik begiratuta, garrantzi urriko gertakizuna dugu Belatekoa. Baina Gaztelako erregina Joana Eroak, han suertatutakoari distira erantsi nahian, kanoiak armarrietan irudikatzeko "ohorea" eman zien Gipuzkoako probintziari eta, besteak beste, Zizurkilgo herriari. Udal armarrian ditugu, beraz, nafarren 12 kanoiak, bi lerrotan, apain-apain, gure herriaren askatasunaren galera, barne-gatazka eta biolentziaren memoriari eutsiz.

Gure buruari galdetu diogu nafarren kontra egindako erasoen ikurrak, Nafarroako erresumaren hondamendiaren sinboloak, herriko armarrian mantendu behar ditugun. Armarriari buruzko hausnarketa-prozesu bati ekin diogu Zizurkilen, ahal den gehienon parte hartzearekin. Bilera irekiak egin ditugu, txostenak prestatu, oharrak banatu, hitzaldiak antolatu… helburu zuzenaren bila:  herriko armarriaren lehena, oraina eta geroa ikuskatzea eta arakatzea, eta erabakitzeko bidea irekiko digun prozesua prestatzea guztion artean.

Bilakaera horretan, ondorio argia atera dugu: Zizurkilgo armarriaren kanoiek gure herriaren askatasunaren galera, barne-gatazka eta biolentziaren memoriari eusten diote. Beraz, Gipuzkoak duela urte batzuk egin bezala, Zizurkilek, kanoiak kendu eta armarri berri bat eratu beharko lukeela uste du gaia sakonki aztertzen aritu den taldeak eta, herritarren esku-hartzea sustatuz, urratsak ematen ari gara norabide horretan.

Argi dugu: Udal armarriak herria irudikatu beharko luke eta, horrela, Zizurkilek bere egin.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!