Txileko meatzarien zorigaitz mediatikoa

Erabiltzailearen aurpegia Joxin Azkue 2010ko urr. 28a, 10:02

Sekulako bizipenak ikusi berri ditugu Txileko San Jose meategian harrapatuta zeuden 33 meatzarien erreskate-lanetan, aurrekaririk gabeko operazio mediatikoa tarteko. Telebistek eskatuko lituzketen atal guztiak bildu ditu gertakizunak: ezbeharra bera, horrenbeste egun ondoren meatzariak bizirik aurkitu izana, salbamenduaren prestaketa eta, azkenik, erreskatea, ttanttaka gainera, banaka, telebisten gozamenerako. Hori guztia kontatzeko ia 2.000 kazetari bildu omen ziren meategiaren ahoan.

Aipamen berezia merezi du erreskate-lanetan erabilitako teknologiak, ezinbesteko operazioaren arrakastarako. Zuntz optikoaren bidezko komunikazioak, gailu elektronikoak, gaixotasunak saihesteko norberaren higienerako baliabideak eta, nola ez, ditxosozko Fenix kapsula bezalako punta-puntako teknologikoak jarri dira erreskatearen arrakastaren zerbitzuan.
Bistakoak dira, ordea, egoera honen alde ilunak. Sindikatuek aspaldidanik salatu bezala, nabaria omen zen San Jose meategiko segurtasun eza, zabarkeria. Esaterako, larrialdirako eskailera ere ez omen zegoen bere lekuan. Eta agintariek, bitartean, entzungor, salaketak aintzat hartu gabe. Horren lekuko, San Jose meategiak lehendik lurperatua duen meagizon anonimo mordoa. Edo azken hamarkadan Txileko meategiren bateko erraietan ia 400 meatzariek bizitza galdu izana, sabaiak eraitsita.

Jaungoikoak salbatu zituztela zioten meatzari batzuk argitara azaldu orduko zoriontasunean. Jaungoikoarekin eta deabruarekin egon nintzen. Elkar borrokatu zuten eta Jaungoikoak irabazi zuen, zion meatzari batek. Bati gogora etortzen zaio orduan lurperatu ere norbaitek lurperatuko zituela, baina tira!

Izan da, bestalde, honi guztiari etekina ateratzen jakin duenik. Txileko presidente eta estatuko dirudun handienetakoa den Sebastian Piñerak zorigaitzeko istripua era bikainean jakin du kudeatzen bere mesedetan. Izar distiratsuen moduan jarraitu du operazio guztia, etekin mediatiko izugarria bereganatuz.

Lurperatutako meatzarien  inguruan sortu den zalaparta itzaltzen joango da hurrengo egunetan. Gure egunkarietako lehen orrialdeetatik desagertuko dira egun gutxi barru. Eta gero? Zertan aldatuko da meagizonen bizimodua mediatiko izatetik anonimora itzultzen direnean?

Egoera are eta zailagoan geratuko dira gainontzeko meagizonak. Ez gara 33, 300 baizik irakurri nien pankarta batean. Ez lanik, ez soldatarik, kale gorrian utzi omen dituzte guztiak ugazaba lotsagarriek.
Lurpean harrapatutakoen artean burutza-lana egin zuen Luis Urzua gizasemeak jarri zituen gauzak bere lekuan. Eguzkipera atera ondorengo ospakizunekin hasi aurretik, meategiko lan baldintzak salatu eta, sen onez, erantsi zuen: hau ez dadila berriro gertatu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!