Bada euskaldunen Argentina ere

Erabiltzailearen aurpegia Joxin Azkue 2009ko ira. 29a, 18:56

Nahiko urrutira joatea tokatu zaigu amaitu berri den uda honetan, Argentinara hain zuzen ere. Oporrak aprobetxatu nahi izan ditugu han dugun familiari bixita egiteko eta guretzat ezezagunak ziren parajetan han-hemenka ibiltzeko. Hemengo uda han negu izaki, izotzarekin topo egin dugu. Eguraldi hotza, futbola beroa eta politikaren etsipena, politikariekikoa zehazki. Ustelkeriak mespretxua dakar Argentinan ere.

Lurraldearen zabaltasuna egin zitzaigun deigarrien iritsi bezain laster. Kilometroak eta kilometroak, joan eta joan, begi aurretako zeruertza laua betiro, zapal eta leun, etengabea. Eta ganadua. Eta ganadua. Beti haziendaren ttanttak estepa amaigabean.

Paisaia, ordea, bat-batean aldatu zen Patagonia Andinora iritsi ginenean. Hango negu gorrian, laua zena malkar bihurtu zen. Belazeak, elur eta  iparraldeko epeltasuna, hotz eta lantzurda. Dena handi, dena zabal, dena miresgarri...

Naturaz gozatu badugu ere, Argentinako euskaldunekin egoteko eta jarduteko aukerarik ez dugu galdu. Pello Mari Otaño bertsolari zizurkildarrak utzitako arrastoen bila genbiltzala, hainbat euskal etxe bisitatzeko okasioa izan dugu eta euskal-argentinarrekin solasaldi lasaiak egiteko egokiera.

Baita haiengandik iritzi interesgarriak jasotzeko abagunea, distantziak ematen dieten patxadaz hausnartutakoak. Interesik duenak ez du, ez, hemengo bizitza politikoaren informazio faltarik, gaurko komunikazioek eta Internetek horrelako bideak ematen baitizkiete.

Euskal etxeen ingurura hurbiltzen direnak behintzat, oso harro daude beraien jatorri euskaldunaz. Lekuko, haien espazioetan nagusi diren ikurrak eta gainontzeko euskal sinboloak: ikurrina zuri-gorri-berdeak, lauburuak, Zazpiak Bat…, nonahi txintxilizka ikus daitezke. Abesten ere ez dira makalak. Gu lotsak jota uzteko mailaraino ezagutzen dute betiko euskal kantutegia. Ezagutu eta kantatu. Zuberoa etortzen zitzaidan gogora afal osteetan.

Gauza guztien gainetik, ordea, beraien euskal sustraien aldarrikapena. Obsesioraino askotan: “nire aitona halako herritik etorri omen zen...”, “...nola jarriko nintzateke harremanetan horrelako abizena duen norbaitekin...”.

Euskal nortasuna ezpainetan beti. Horren harira, argudio bitxiak entzutea tokatu zaigu, bat baino gehiago. Gogoan dut Baigorriko jatorria zuen gizaseme hari ondoko batek “vasco-francés”esan zionean, laster asko erantzun zion beraien gaztelera gozoan: “Zuk ezagutzen al duzu aleman-errusiarren bat? Alemana zara edo errusiarra. Euskalduna edo frantsesa. Ez biak batera”.

Edo “...baina zu, zertaz ari zara euskaldunak gora eta euskaldunak behera? Zu argentinarra zara, eta kitto!”, erdi oihukatu zion espainiar bati Berrobiko jatorria zuen hark erantzun ziona: “Bai, argentinarra naiz, eta ohore handiz gainera. Baina argentinarra azken 200 urtetan naiz. Euskalduna izaten, ordea, 7000 urte daramatzat!”.

Unibertsitatean badira oso lan interesgarria egiten ari direnak, Argentinako nagusienetakoa den La Platakoan bereziki. Euskal jatorriko hainbat irakaslek talde bat osatu du eta serio eta tajuz dihardute, bai: gure herri zahar hau gaitzat hartuta, hitzaldiak, mahai inguruak, proiekzioak..., antolatzen dituzte euskal etxeetan eta unibertsitatean bertan. Euskara eta euskal kultura ere irakasten dituzte.

Ez dugu merezi bezala zaintzen gure diaspora. Goraintziak han utzitako lagunei eta bejondeiela!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!