Krisiak denontzat ez omen du berdin jotzen

Erabiltzailearen aurpegia Joxin Azkue 2009ko urt. 7a, 17:30

Arrazoi du, bai, Ibarretxe lehendakariak krisiari buruz egin duen hainbat adierazpenetan. Jasaten ari garen krisia finantza merkatuen gehiegikeriei egotzi zien, baina ondorioak guztien artean konpondu beharko ditugula esan zuen.

Marka gero! Krisia bazetorrela ikusten genuen baina horrelakorik ezin onartu genbiltzan. Halako batean, ordea, krisiaren aldabak gordinki jo du gure lantegietan eta, ondorioz, gure etxeetan. Zeruan bizi eta ezer ez izatetik egoera katastrofikora eraman gaitu. Errua kanpotik datorrela diote ekonomian adituek. Telebistak eta gainontzeko komunikabideek behin eta berriro errepikatu dizkigute krisiaren sortzaile izan omen diren lur jotako enpresa estatubatuar mordoxkaren izenak. Madoff bezalako pertsonaia siniestroak ere mundu honetan bazirela ezagutzera iritsi gara.
Errealitatea da gain-gainera eta begi-bistara etorri zaizkigula langabeziak, arazoak, estutasunak. Krisia eguneroko gai bihurtu zaigu. Etxeko igogailuan edo Felixen ileapaindegian eguraldiaz hitz egiten bazen ere, krisia dugu orain izar. Betiko “eguraldi polita, ezta?” “lantegi hura ere ixtear omen dago” batekin trukatu dugu gure arteko elkarrizketetan.

Krisiaren eraginez, kontsumoak ere behera egingo zuela ohartarazi ziguten. Agian horrela izango da eta amaitu berri diren Eguberri hauetako makrozenbakiek hori adieraziko dute. Esango digute ehuneko zenbat jaitsi den kontsumoa iazko Gabonekin alderatuz. Zenbat gastatu dugun elikaduran, zenbat oparietan… Bene-benetan, sumatu duzue halako aldaketarik? 

Ohiko gastuen artean igo den bakarra loteriarena izan omen da, krisialditik ateratzeko itxaropenez edo. Bueno: igo den beste zerbait Espainiako erregeak jasotzen duen dirutza izango da. Krisiari nola edo hala aurre egin nahian, Zapateroren gobernu sozialistak Estatuko kontuetan ministerio guztietako partida guztiak jaitsi ditu 2009ari begira. Erregearen familiari, ordea, urteko “paga” igo die: ia 9 milio euro jasoko ditu gastu zuzen bezala. Lehengo pezeta zaharretara itzuli milioi horiek eta pentsatu zer kostatzen zaigun familia feliz hori mantentzea! Eta hori sortzen dizkigun zeharkako gastuak kontatu gabe, askoz handiagoak direla. Gizarajoa erregea! Urtea amaituko ote du horren diru gutxirekin? “Hi beti erregearekin sartu behar”, esango dit Emilio lankideak. Zer egingo diogu bada? Norberak bere debilidadeak ditu eta erregeaz sikiera urtean behin gogoratzea da, nonbait, nik dudan horietako bat. 

Urte berri on, aiurritarra!

2009/1/9

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!