Res republican, kiratsa sarritan

Erabiltzailearen aurpegia Joxin Azkue 2008ko aza. 18a, 18:19

Ez dira egun asko harrigarri egin zitzaidan berri bat entzun nuela ETBn. Urteak aurrera,  geroz eta gutxiagotan uzten naute aho zabalik han-hemenka jasotakoak, baina Alderdiaren telebistak zioenak zer pentsatu eman zidan.  Gauza da Frantzian, ekonomia krisiari aurre egin nahian edo, familia ugaritsuek, familia numerosak dituzten hainbat onura txiki ezabatzeko intentzioa erakutsi dutela bertako legebiltzarkideek. Adibidez, familia horietan kide asko direnez, trenez bidaiatzeko dituzten beherapenak. Fuera deskuentuak txiroentzat. Bale, bat gehiago. Non dago, bada, berriaren harrigarritasuna? Bigarren zatian, hain zuzen ere: Frantzian zehar, legebiltzar horiek beraiek edozein garraio mota publikotan dohainik ibiltzeko duten pribilegioari eutsi diotela. Izan ere, legebiltzar izateagatik kobratuko duten soldatak ez baitie nonbait batera eta bestera ibiltzeko ematen.

Baina urrutira joan beharrik ez dago ridikulua egiteko. Geu ere aparta iaioak gara ofizio horretan. Nola definitu Gipuzkoako Foru Aldundian gertatu dena zesantien gaiarekin? Aurreko legealdiko gure diputatuek (bai, ongi ari naiz: zuk eta nik aukeratu genituen diputatu horiek beraiek), soldata txikia nonbait, eta beraien bizkarrak babestea erabaki zuten, gure diruarekin, noski. Gonzalez Txabarri ahaldun nagusiak, adibidez, 90.000 eurotik gora kobratzen zuen, dietak aparte.  Gutxi izaki, zera erabaki zuten: legealdia amaitu eta gero, alegia, diputatu izateari utzi ondoren, kobratzen jarraitu behar zutela. Eta ez huskeria, ez; horrela banatu zuten txiringitoa: Gonzalez Txabarrik 6.524 euro kobratzen jarraitzen du, urtebetez, txukun-txukun, hilero-hilero, Ahaldun nagusia izan zelako. Noski, honi gehitu behar zaio oraingo kargutik (Pasaiako Portuko buru da) jasotzen duena, Diputaziotik datorkion hori baino gehiago dela oraindik. Eta antzeko parezido gainontzeko diputatu ohiak ere: uko egin duen bat edo beste kenduta, 5.525 euroko sobresueldoa jasoko dute hilero eta urtebetez.

Oso erraz erabiltzen eta gastatzen baitugu besteen dirua. Gure ordezkariek eredu izan beharko lukete kudeaketa publikoan. Tamalez, oso bestelako agertzen zaizkigu askotan, sarritan, gehiagotan. Lan taldeak ez dituzte gaitasunen edo kapazitateen baitan eratzen, laguntasun edo alderdikeriaren baitan baizik. Horrela, soldatak eta erakundeetako poltronak bilatzen zaizkie udaletxeko hauteskundeak galdu dituzten alderdikideei, agintean dauden alderdiek saritu nahi dituztenei… Pentsa: Gipuzkoako Foru Aldundian 79 kargu politiko izendatu dituzte legealdi honetan, PNV eta EAren artean bakarrik. Hau da, 79 lagun aukeratu dituzte “a dedo”, 48 PNVk eta 31 EAk: zuzendari orokorrak, goi mailako teknikoak, aholkulariak, idazkariak… Seguritate Soziala bezalako gastuak aparte utzita, soldatetan bakarrik, 5.000.000 eurotik gorako zuloa, zuk eta nik ordaindu beharko duguna, noski.

Res publicari interes partikularra gailentzen zaionean, politikari kiratsa dario.

2008ko apirilaren 25a

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!