Hizkuntza bat ez da galtzen...

Erabiltzailearen aurpegia Joxin Azkue 2008ko mar. 6a, 10:39

Aspaldiko partez, Eguberri hauetan buelta bat eman genuen Donostiako Alde Zaharrean. Beti bezalako zegoen: polita, berezia, jendez gainezka..., eta, noski, pintxo gozoz betetako tabernak. Diodan bezala, tabernak betikoak. Ez, ordea, mostradorez harantz zeuden zerbitzariak. Horiek bai aldatzen ari direla, eta ez Alde Zaharrean bakarrik, Euskal Herri osoan baizik.

Bai, kamarero kanpotarraz ari naiz. Globaltasunak berarekin dakarren aldaketa dela pentsatuko duzue. Egia. Baina horrek sortu zidan benetako kezka: taberna batean baino gehiagotan, Alde Zaharreko betiko tabernak izanik, “bi gorri eta kaña bat” eskatu eta “perdón, no le he entendido” entzun eta gero, “bi gorri eta kaña bat” errepikatu arren, kamarero etorkinak ez zidan oinarrizko eskari arrunt hori ulertzen. Edo hobeto esanda, ez zidan ulertu nahi. Eta oraindik garbiago esatekotan, ez zuen ni ulertzeko ez gogorik eta ez beharrik ere. Zertarako konplikatuko du bere bizitza euskararen gutxienezko oinarria ulertzen, gazteleraz primeran konpontzen bada? Zerk bultzatuko du berarentzat ulergaitza eta traketsa den euskararen gutxieneko hori menperatzen ahalegintzera? Kontzientzia nazionalak? Euskaldun izatearen harrotasunak? Zapalkuntza historikoa jasaten ari den herri batekiko atxikimenduak? Bai zera! Alferrikako handikeriak lan bila etorri diren gehienentzat!

Ezagunak egiten zaizkigu kanpotik iritsi diren unibertsitate mailako intelektualak eta euskaraz era harrigarrian moldatzen direnak, euskararen benetako aditu bihurtzera iritsi direnak ere. Horiek animalia exotiko-mediatikoak dira. Deigarria egiten zaigu ETBn japonesita txiki bat gure hizkuntza zahar honetan ari dela ikusten dugunean edo aleman batek unibertsitateko klaseak euskaraz ematen dituela esaten digutenean. Baina oso gutxi dira euskaraz ongi moldatzen direnak Marokotik edo Ekuadortik lan bila etorritako langile xumeen artean.

Nioena: zertarako, gazteleraz denekin primeran moldatzen badira? Etorkin bat baino gehiago ezagutzen dut euskaraz askoz hobeto moldatzen zena duela dozena erdi urte gaur baino. Hasierako ilusioak bultzatu zuen euskara ikastera. Gero, errealitateak erakutsi die zertarako balio dien.

Eta errealitate hori gu geu gara. Artzeren “Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakienak hitz egiten ez duelako, dakienak hitz egiten ez duelako baizik” leloa oso ezaguna egin zen eta nonahiko paretetan ikusten genuen zintzilik. Gaur egun, desagertuta dago. Desagertuta dago paretetatik eta, okerrago, desagertuta dago geure bihotzetatik. Ni ingurune euskaldun peto (peto? bai?) batean bizi naiz, baina oso urrutira joan gabe, koadrilla osoak ikusten ditut beraien burua ziur asko abertzale-borrokalari-progresista-solidario-kontzientzia-nazional-euskalduntzat hartzen dutenak eta txikiteoan edo mahai baten bueltan eseritzen direnean kontu guztiak gaztelaniaz esaten dituztenak. Hori bai, haurrei eta zakurrei, euskara txukunean!!
Guk geuk ez badugu euskara behar, zertarako balioko dio barraz harantz dagoen kamarero ekuadortarrari edo obran ari den marokoar horri? Ez gaitezen engainatu: euskararen arriskurik handiena ez dator Madrildik edo Paristik. Gu geu gara errudun nagusienak. Hizkuntza bat ez baita galtzen ez dakienak....

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!