Felipe, nun hago, zein larretan?

Erabiltzailearen aurpegia Joxin Azkue 2020ko api. 16a, 17:43

Espainia ustelduta dago. Hobeto esanda, Espainian agintzen duten askori kirats, kaka-usaina darie. Are eta gorago, orduan eta ustelkorragoa. Eta, zer esanik ez, gorenen dagoenak, Borboi familiak. 

Lapurretan. Juan Carlos Borboiak, besteak beste, makina urte eman ditu “impuesto revolucionario” kobratzen Arabia aldetik Espainiara iristen zen petrolio kupel bakoitzagatik. Giza eta emakumeen eskubideak lurperatzen dituen petromonarkia arabiarrak nomina finkoan zuen aspaldidanik Juan Carlos Borboia. Atera kontuak.

Magoa eta golfoa.  Juan Carlosek urteko 10 milioi euroko soldata omen zuen bere patrikarako, lan egiten dugunon zergen kontura, noski. Ulertzeko: gastu gehienak ordainduta izan arren, Espainian bataz-beste 400 langileen artean irabazten dena. Matematiketan txarra naiz, baina zenbakiek ez dute bat egiten: New York Times egunkari serioak dionez, errege ohiak 1.800 milioi eurotako fortuna pilatu omen du. Nola? Nondik? Gogoan duzue Jesukristok ogiekin eta arrainekin egin zuen mirakulua? Ba hura baino ugaritze-magia handiagoa Juan Carlosek bere 10 milioiekin egindakoa. Kiratsa darien zenbakiak. Hor sartzen dira Corinna eta errege-ohiaren gainontzeko golfokeriak eta Suitzako banketxeko 100 milioi ospetsu horiek. 

Faltsua eta gezurtia. Eta horrela ulertzen dira Juan Carlosek inguruan izan dituen “lagunak”: Prado y Colón de Carvajal, espetxeratua. Javier de la Rosa, espetxeratua. Bankero zuen Mario Conde, espetxeratua. Cristina alaba eta Urdangarin suhia… Ba ote da inor ondratu eta zintzo errege ohiaren bueltan? Felipe semea ote da bakarra, Asterix bezala? Gogora datorkit Juan Carlosek 2011ko Eguberrietako mezuan zioena, bere suhiaren gaia pi-pilean zegoela: “Las personas con responsabilidades públicas, tenemos el deber de observar un comportamiento ejemplar y cualquier actuación censurable debe ser juzgada y sancionada con arreglo a la ley. La justicia es igual para todos”. Faltsua gero! Pentsatzen duzue Suezian, edo Britainia Handian, edo Alemanian, edo… gobernu-buru gorena gezurretan harrapatu eta giza eskubideak zapaltzen dituen diktadura baten eskutik 100 milioi euro jaso zituela ezagutzeak eragingo lukeen lurrikara? Baina Spain is different. 

Felipe semea, birjina. Bai, Felipe semeak Amabirjina dakarkit gogora. Haurdun geratu arren, birjina jarraitu omen zuen. Hor misterioa. Gauza bera gertatzen zaio Feliperi. Bera birjina omen da. Ez zuen aita ezagutzen. Ez diot tonto esan nahi, baina ez zekien ezer. Ez zuen etxe barruko martxa ustelaren inongo berririk. Zokoratuta zeukaten. Orain, Suitzako epaitegi batzuk egiten ari diren ikerketak egoera zartarazi duenean, errege etxearen irudia garbitzeko urratsak eman nahian dabil. Hara! Oraintxe enteratu da! Leihoetan berari eskainitako eltze-zarata entzuten zen bitartean, Felipe erregeak aitaren ondare ekonomikoari uko egingo ziola adierazi zuen, Coronavirusaren krisiak berea estaliko zuelakoan edo. Aurpegi galanta. 

Felipe, missing. Eta non habil orain,Felipe errege? Norbaitek ikusi hau egun zail hauetan sufritzen ari direnekin bat egiten, biztanleriari animoak ematen, gaixo daudenekin solidario izaten…? Eguna joan eta eguna etorri, lantokiak ixten, askoren etsipena eta desesperazioa zabaltzen ari denean, non hago espainiar guztien errege omen haizen hori? Heure jauregian izango haiz, tapatuta, gordeta, ezkutatuta. Xalbadorrena datorkit gogora: nun hago, Felipe, zein larretan?

Nolako zura, halako ezpala. Juan Carlos edo Felipe, Felipe edo Juan Carlos, utikan guztiak! Eta monarkia betirako desager dadila Euskal Herritik. Alde hemendik. 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!