M28 Aiztondo

Foru eta udal hauteskundeak direla eta…

Erabiltzailearen aurpegia Joxin Azkue 2023ko eka. 9a, 06:53

Lerro hauek idazten ditudanean ez ditugu oraindik ezagutzen pasa berri diren Udal eta Foru hauteskundeen negoziaketen labirintu ilunaren ñabardurak. 

PP prest dago EAJri babesa eskaintzeko, EH-Bilduk Gipuzkoako Aldundia eta Gazteiz beregana ez ditzan. Noren babesa ordea eta osasunbidearen, irakaskuntzaren eta eskubide politiko eta zibilen aurkako erasotzaile zuzena den PPrena, Euskal Herriari eta Euskal Herriko erakundeei jazarpen gehien egin dien alderdiarena, abertzaletasunaren, feminismoaren eta progresismoaren aurka etengabe jardun duenarena. EAJk PPren sostengua jasotzeko prest legokeela dio, baina haiekin inongo traturik egin gabe. Ondo asko daki, ordea, VOXeko faxistekin gobernatzen duen PPren balizko babes antinatural hori ez litzaiokeela musutruk etorriko eta orain eta hemen kobratuko liokeela (alkatetzak, Foru Gobernuan sartzea), baita legealdian zehar Madrilen gero. Uztaileko hauteskunde orokorretan EAJk ordain lezakeen erabaki labainkorra.

Geroz eta garbiago dut, baina, Jeltzaleentzat aberria ez dela Euskal Herria. Aberria Alderdia bera da eta punto. Iraganeko politika: boterea eta kontrola. Eta, xede horretan, komunikabide askoren konplizitatearekin, todo vale.

Aiztondora etorrita, EAJk parakaidistak bidali dizkigu hautagai. Haietako norbaiti Larraulen tokatu zaio lur hartzea, beste bati Villabonan, edo Adunan, edo Zizurkilen… Lurreratzeak, ordea, ez zaizkie batere leunak suertatu eta danbateko galantak jaso dituzte guztietan. EAJri porrotaren inguruko hausnarketa egitea tokatzen zaio. Gauza bat onartu behar zaio, ordea, Alderdiari: MARKA izatea lortu izana. Hau da, hautesle askorentzat, adinekoen artean bereziki, marka PNV da. Eta kitto. Ez beste inor. Berdin zaie zer dioen, zer eskaintzen duen, zer egiten duen. Markari fideltasun zintzoa gordetzen diote. Baina kontuz: poliki-poliki, adineko fidel horiek desagertzen joango zaizkio. Gero komeriak, etorkizuna gazteen esku baitago, bai EAJrentzat, baita gainontzeko alderdientzat ere.

Zizurkili atxikita, abstentzioa azpimarratu nahi nuke. Hamarretik lau. 200 bat lagun gehiago aurreko hauteskudeetan baino. Denek proportzio beretsuan galdu dituzte botoak: EH-Bilduk 167, EAJk 70 eta PSEk 23. Guztiek zergatien hausnarketa egin beharko lukete. Sustraitu den pasotismoa batetik, hainbatetan motibazioa ez lortzea edo ilusioa ez piztea bestetik, tabernako terrazetan programekin edo hautagaiekin 
ados ez daudenak baina gero alternatibarik plazaratzeko gauza ez direnak...

Kontuak kontu, esan beharra dago EH-Bilduk, beste behin, garaipen handia, garbia eta ukaezina lortu duela herrian.

Maite Amenabarri agintaldi ona opa nahi nioke. Eta ez nuke amaitu nahi Iker Urruzolaren aipamenik egin gabe. Lau urte zail eta korapilotsutan herriko lema eramatea tokatu zaio, contra viento y marea, eta Zizurkilgo Udala bikain eta tajuz gidatzen jakin duela uste dut zintzoki. Bejondeizuela bioi. Muxu bana.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!