Beno, aldaketaren inguruko informazioa gutxi batzuek soilik genekien (eta nahiz eta saiatu ahalik eta oihartzunik handiena edukitzen jendeak jakiteko gaiaren inguruan, eragina oso mugatua da), jendearen %90ak baino gehiagok ez zekien ezer-eta.
Gipuzkoako Foru Aldundiak soilik pare bat egun lehenago "autobus informatzaileak" ipini zituen udalerrietan (nire uste apalean, denbora gutxiegiz) eta bertan oihalezko poltsa bat non ordutegi berriak ageri ziren barruan, eta listo. Esan beharra daukat pertsonalki hurbildu nintzela Urnieta nahiz Andoaingo "bus informatzaileetara" eta nire harridurarako, bertan "informatzen" zebiltzan pertsonak ez zuten ideiarik ere kasu bakoitzean egiten ziren aldaketez (gainera, kasu gehienetan poltsatxoa banatzera mugatzen ziren), pertsonalki konprobatu nuelako diot: galderak egin nizkien gaiaren inguruan eta autobus zerbitzuak berdin jarraituko zuela esateko aurpegia izan zuten Urnietan nahiz Andoainen. Ordutegi berriak bertan aztertu ondoren, hori horrela ez zela esan nien eta orduan, harrapatu banitu bezala, esan zidaten kexa edota iradokizunik banuen Lurraldebuseko telefonora deitzeko (900 300 340).
Bazen garaia autobus berriak edukitzeko (oso eroso eta atseginak, bestalde), baina murrizketa hauek ez zuten justifikaziorik.
Honenbestez, Andoainen kasuan behintzat, murrizketa nabarmenak burutu dituzte herriko behealdean (Karrika-Zumea) igarotzen diren autobus zerbitzuetan batez ere (lehen, oro har, 15 minuturokoa maiztasuna zegoen tokian, orain 25 bat minutu itxaron behar dira kasu askotan).
Gainera, pertsonalki konprobatu ahal izan nuen beste kontu batek harritu ninduen: 14:15ean Karrikatik
bi autobus, ibilbide berdina egiten dutenak, irteten dira (bat Tolosatik dator eta bestea bertan hasten da), zehazki BU03 eta BU07 lineatakoak. Gero denbora dezente itxaron behar da geltokietan, baina ordu horretan bi autobus ibilbide berdina egiteko... ez dirudi zentzu gehiegirik duenik.
Beste zenbait lineatan, izendapen guztiak aldatzeaz gain, ordutegiak ere aldatu dituzte eta murriztu ere kasu askotan, tartean ospitaleetara doan BU06 linea (nahiz eta igande eta jaiegunetan zerbitzua areagotu den, beste egunetan murrizten da).
Azkenik, eskatu nahiko nuke murrizketa hauek kentzeko (kexa ugari jaso dira erabiltzaile nahiz gidarien aldetik) eta gutxienez aurreko maiztasunera bueltatzeko murriztu den kasuetan.