Joan zen martxoaren 9an, Lilatonean parte hartuz beste 3524 emakumerekin 5 kilometro egin nituen korrika Donostian.
Nik ez dut sekula kirola diziplinaz egin, noizean behin zerbait egin izan dudan horietako bat naiz. Horretaz gain, kiroldegira nire gogoz eta borondatez joan eta saioa egiteko ere alferkeri handia dut. Horregatik saioetan izena ematen dut eta izena emateak duen konpromisoak atera arazten nau etxetik. Helburu bat behar dut akuilu moduan, bestela jai dut, eta Lilatona izan da urtean hilabete batzuetan korrika egiteko aitzakia.
Eta horrela Lilatona jarri nuen helburu. Ezer ez egitetik apurka-apurka, etxean dudan prestatzaile partikularrarekin, korrika hasi nintzen. Taldetxo bat elkartu eta bata bestearen animuan kirola egiteko aitzakia topatu nuen. Eta pixkanaka-pixkanaka, 5 minutu korrika 5 oinez, 6 korrika lau oinez, 7 korrika 3 oinez… 45 minutu segidan korrika egiteko gai nintzela konturatu nintzen. Honek trukua du, ibiltzea eta ibiltzea.
Eta helbururik gabe funtzionatzen ez dugunontzat eta gutxi ibiltzen garenontzat Lilatona aitzakia polita da. 5 kilometro, giro polita, elkarri bultzaka ibili gabe taldean goxo korrika egiteko aitzakia, nire modukoak korrika ikustea, modu guztietako gorputzak kirola egiten ikustea, lotsarik gabe kalean korrika ibiltzea… Horrelako espazio bat ez banu, ez nintzateke hasi ere egingo.
Kirola beti gorputz atletiko eta prestatuekin lotu izan dela esango nuke. Hasi nintzenean lotsaz beteta ateratzen nintzen korrika egitera, baina hori ere joan egiten da, eta lehentasuna hartzen du saioa egin ondoren ondo sentitzeko sentsazio horrek besteak beste.
Eta horrela, martxoaren 8an, 3500 emakume, motibo desberdinengatik zapatilak jantzi eta kalera atera ginen, eta gure lekutxoa izan genuen. Horregatik zoriondu nahi ditut antolatzaileak, zeregin garrantzitsua betetzen dute eta hemendik aurrera jarraitzeko animuak bidaltzen dizkiet.
Nire partetik mila esker, jakin ni bestela ez nintzela korrika egitera kalera aterako eta uste dut 3500 lagunen artean ni bezala asko zirela.