1986ko apirilaren 26an Txernobilen (Ukrainia) istripu nuklearra gertatu zen; diotenez, hauxe izan zen energia nuklearraren historian hondamendirik handiena. Istripu erradiologikoetan, erradiazioaren eraginaren ondorenak handiak dira arlo askotan: osasunean, ingumenean, gizartean, ekonomian…
Txernobilgo kasuan, zentralaren inguruan baztertzeko zonalde bat izendatu zuten, istripua izan zen inguruan, 30 km-o zirkuluan. Gaur egun, zonaldetik kanpo bizitzea gomendatzen da, baina kutsadura ez da zonaldearen mugan bukatzen, hortik kanpo ere presente dago. Landa lurzorua iodoz eta zesioz kutsatuta dago eta lurzoruaren bidez elikadura katean sartzen da.
Lurralde hauetan bizitza ez da erraza. Arlo askotan apurtutako biztanleria sortarazi du, alkoholismo arazoa oso presente egonik. Bataz besteko soldatek ez dituzte 100 ? gainditzen askotan, eta ezinezko egiten zaie inportatutako jakiak kontsumitzea. Horregatik, kutsatutako lurretan landutakoak kontsumitzen dituzte.
Egoera hauetan, besteak beste, osasun arazo larriak sortu dira eta haurrengan eragin latza dute. Hainbat ikerketek diote, kutsadurak minbizia, tiroide arazoak, arnasketa arazoak, azaleko ezintasunak…, sortu dituela. Txernobilgo haur eta nerabeen artean tiroide minbiziaren kopurua ohikoa baino 1000 aldiz handiagoa omen da. Haurrek bi urteko garapen atzerapena omen dakarte, ikusmen eta hortzetako arazoak eta elikaduran gabezia handiak.
Egoera honetan hainbat elkarte sortu da zonalde honetan bizi diren haurrak handik atera eta 2-3 hilabeteko opor-egonaldiaren ondoren, berriro beraien etxeetara itzultzeko. Egiaztatua omen dago kutsadurarik gabeko lurraldean egindako egonaldiaren ondoren, osasunari ematen dioten onura ikaragarria dela. Horietako elkarte bat da Txernobil Elkartea (Txernobileko hondamendiagatik eraginda dauden adin txikikoei laguntza).
Esperientzia polita
Nire ahizpak proiektuaren berri izan zuen, eta elkartera jo zuen laguntza eskaintzeko asmoz. Etxean haur bat jasotzeko eskaini zuen bere burua. Prestakuntza eskaini zion elkarteak ikasturtean zehar eta, ekaina erdialdean, Loiuko aeroportuan Snizhana jaso genuen. 8 urteko neska bizia. Lehenengo muga hizkuntza izan zen, baina hori hilabeteko epean gainditu zuen, erabat. Egokitzea, berriz, apurkakoa izan zen, amaren falta, anaia eta ahizpak, etxea…, gogorra. Baina bi hilabete eta erdiko egonaldian, erabat txertatu zen Asteasun. Osasun arazo handien sintomarik ez zuen agertu. Dentistara bisitak, hortzetako hainbat arazo zuzentzeko, eta gauza gutxi gehiago.
Hemen egindako egonaldian opari bat izan da guretzako, hemendik gertu bizi den errealitatea ezagutzeko aukera eman digu, eta horrez gain, esperientzia aberatsa bizi izan dugu. Snizhanak hainbat gauza egin du: udaran eguzkia hartu, ondo jan, euskaraz ikasi, lagun berriak egin, familia baten babesean goxo egon, inguru berriak ezagutu, dentistaren bisita jasan, trenean ibili, bizikletan ibiltzen ikasi, mangitoekin igerian hasi eta bakar bakarrik igerileku handira salto egitea lortu, Udalekuetan disfrutatu, itsasoa lehenengo aldiz ikusi eta bainatuz gozatu, itsasoaren marearen igo jaitsiak sortzen duen ulertu ezina bizi…
Hemendik, nire ahizpari eskerrak eman nahi dizkiot esperientzia polit hau bizitzeko aukera eman izanagatik. Elkarteak lanean dihardu eta momentu honetan udan haurrak ekartzeko familia bila dabiltza. Interesa duenak elkartearekin kontaktuan jar daiteke, 670419078 telefono zenbakian. Eta edozein mailatan elkartean laguntza eskaini nahi duena, beso zabalik hartua izango da.
Mila esker.