Gipuzkoan tirada handiena duen egunkarian larunbatez eduki osoaren %12a futbolarekin lotutako notiziekin betea dago, igandean %15, astelehenean %12, asteartean %6, asteazkenean % 7 eta horrela aste guztian zehar.
Joan den astean futbol partidu bat ikustera, Euskal Herritik 21.000 lagun joan dira. Partidua Europa ekialdeko lurralde batean izan da, sarrerak, joan etorria eta egonaldia egiteko bidai agentziek paketeak saldu dituzte eta eskutatik kendu dizkiete erosleek. Hainbat jende bertara joan nahi eta ezinik, partidua ikusteko gogoz gelditu da.
Aste erdian izan da partidua, eta batzuk egun batean joan eta hurrengoan etorria egingo dute, baina badira aste osoa pasatu dutenak ere, tira. Bertara gerturatzeko aukerarik izan ez dutenek, futbol zelaian pantaila erraldoi batean ikusteko aukera izan dute, eta futbol zelaia gainezka bete da. Beste aukera kalean bertan ikustea izan da; hamabi pantaila jarri dituzte horretarako.
EITBk lau berriemaile bidali ditu, horrek gero EITBn izan duen presentziaren kopuruaren kalkulua errazten du, ikaragarria.
Erakundeek ere bere zer esana izan zuten, Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiak eta Udalek bere ekarpenak egin dituzte.
Horretaz gain, telebistan zazpi egunetatik bost egunetan, futbol partiduak ikusi ahal izan dira, egun batean hiru partidu oso oso, hasieratik bukaera arte.
Ez da aste berezia izan, izan ere, edozein astetan ia-ia egunero partiduak daude telebistan ikusteko.
Gaur egun, goizean jaiki, ospitalean sartu eta ebakuntza-gelan bisturia eskuan, bizitzak onik ateratzen ari den mediku batek 4.000? kobra ditzake. (Gaiari buruz dakienak zuzendu ahalko nau esanaz gehiago edo gutxiago dela, baina gutxi gorabeherako soldataren erreferentzia jarri dut).
Futbolean dabilen jokalari batek, gutxiena kobratzen duela ere, 12.000 ? jasotzen ditu hilabetea. (eta honetan ere jakin badakit gora behera handiak daudela, eta asko direla hori baino gutxiago jasotzen dutenak, baina gehiago dira kopuru hau baino gehiago jasotzen dutenak).
Une gogorra bizi zuen gizarte batean, langabezia tasa %14ra iristear dagoenean, eta egoera larrian bizi den biztanle talde handi bat dagoenean, benetako zoramena da hau. Nola esplikatu kontu hau gure inguruan bizi ez den bati?
Zerbait gaizki egiten ari gara…