Bai, azken hauteskundeek herri ordezkarien termometroa gori-gorian jarri dute. Asteasun 16 urtean segidan agintari berdinekin egon ondoren aldatzea tokatzen da. Zergatik? Herriak hala esan duelako.
Honen aurrean interpretazio desberdinak egon daitezke:
- Horrenbeste urte ondoren, agintariek erreleboa behar dutela, egitekoak egin dituztela eta aldaketa nahi dela.
- Azken 16 urtetan egindako lanak eta antolaketa gustukoa izan dela, baina berean jarraitu beharrean asmo berriak ikusi nahi direla.
- Egindakoak ez direla gustatu eta beste agintari batzuk nahi direla.
- Batzu-batzuk, politikoki ordezkatuak ezin izan dutela izan azken bi legealdietan eta oraingoan benetako aukera izan dutenean hitza hartu dutela eta presente egotea lortu dutela.
Eta horrela nahi adina interpretazio.
Lan gogorra iruditzen zait udalerri batean udaletxeko ordezkari izatea, esker txarrekoa eta gustu on gutxikoa delako, eta maizago jasotzen direlako kritika txarrak esker onak baino. Erraza baita besteek egindakoa kritikatzea. Hala ikusten dut nik behintzat.
Inoiz proposatu didate niri taldeetan parte hartzea, baina egia esango dut, kobardiagatik ez naiz aurkeztu, kobardia eta lotsaz ezetza eman dut, baina pentsatuz behin bada ere parte hartu beharko nukeela eta genukeela denok.
Askotan pentsatu dut, Aitzondo elkartean batzordea antolatzen den bezala, txandan-txandan herritar guztiek pasatu beharko genukeela udaletxetik. Horrela balitz, ez genituzke hain erraz kritikatuko egindakoak eta egiten ez direnak. Baina tira, kontua ez da horrela. Gaur egun Udal ordezkariak borondatez edo militantziaz aurkezten dira, eta herrian borondatez aukeratuak izaten.
Dena delakoa, datorren lau urtetan beste batzuk gestionatuko dute Asteasu eta hori ba; ongi etorria izan dadila talde berria eta badoazenei mila esker denagatik esatea besterik ez.