Golf munduan ba omen da nazioarteko errekonozimendu bat 130 golf jokalariei bakarrik ematen zaiena: Hall of fame.
Izendapen hori emateko, ekitaldia egin zen joan den azaroaren 2an St. Augustinen (Florida, EEBB) eta hondarribiarra den Txema Olazabali eman diote leku oraingoan, beste lurralde batzuetakoak diren beste batzuekin batera. Berrietan azaldu zen, honela ohorezko aukeraketa honetan sartzen den bigarren espainola dela esanaz (aurretik Ballesteros sartua izan da).
Telebista, prentsa, irratia eta interneten zabalkundea handia izan zuen ekitaldiak. Komunikabideetan izan zuen presentziagatik jakin dut nik honen berri, ez bainaiz ni golfean jakituna.
Baina idatzi hau ez dut egin golfean jakituna naizelako, beno, ez naizelako; Txema Olazabalek ekitaldian egin zuen hitzaldiagatik baizik.
Esker onak emateko hitzaldia ingelesez eman zuen, gehiena, zati bat euskaraz eman baitzuen. Eta horregatik heldu diot gaiari.
Talde batean zein hizkuntzatan hitz egitea erabakitzeko momentuan, irizpide desberdinak izaten dira kontuan. Asko-askotan entzun dugu, bilduta bertan dauden guztiek gazteleraz ulertzen dutela suposatu ohi denez, eta bi hizkuntzatan egitea erabat traketsa delako, gazteleraz egitea erabakitzen dela. Edo gehiengoak gazteleraz badaki, bada, gazteleraz egiten da. Nahikoa da asko-askotan taldean dauden guztien artean bat bakarrak euskaraz ez jakitea, zuzenean gazteleraz jarduteko.
Bada, Txemaren hitzaldi jendetsu hartan, denak ulertu asmoz ingelesez egin zuen, baina Txemak ama eta aitari zuzenduz euskaraz egin zituen hitz batzuk: Aita, ama. Mila esker egin duzuen guztiagatik. Zoragarriak zarete eta bihotz bihotzez maite zaituztet.
Benetan zoriontzekoa, erabat hunkitu ninduen; aukera banu zuzenean zorionduko nuke. Txema Olazabalek euskarari hemen ematen ez zaion protagonismoa eman zion Floridan. Horrela, hemen asko-askotan euskarak izan ez duen eta ez duen presentzia izan zuen Floridan.
Nire inguruan batekin eta bestearekin komentatu dut kontu hau, eta batek hala esan zidan, horri buruz Aiurrin idazten baduzu, lotzeko moduko erreferentzia duzu Pedro Mari Otañok, bere semea Ameriketara joan zenean egin zion bertsoa:
Iritxi da orduba
juan bear dezuna,
badakizu ait'amak
emen dauzkatzuna;
ez dezazula aztu
gaur neri entzuna.
Itz baterako au da
eskatzen zaizuna:
izan zaitez nonnai ta
beti euskalduna.
Honela, oraingoan beste seme batek, ordainetan bere gurasoei, euskarari eman dio bere lekua beste hizkuntzen artean.
Eskerrik asko, Txema.