Asteasuko Kale Nagusian bizi garenontzako pagotxa ederra. 2006ko apirilaren 10etik aurrera bertan etxebizitza edo garajea dugunontzat, Udalak aparkaleku pribatu bihurtu digu.
2006ko apirilean kalea itxi zuen Udalak eta oinezkoentzat jarri. Bere garaian Udalak kalea oinezkoentzat mugatzea erabaki zuenean aurrerapauso handia iruditu zitzaidan, besteak beste Asteasuko herriarentzat onura izango zelako: ibiltzeko, haurrak jolasean disfrutatzeko, paseatzeko…, eta kaleak patxada handia hartu zuelako. Herrian plaza batek eskaintzen duena ematen du oinezko kale batek. Ni neu aldekoa nintzen eta naiz.
Kale Nagusian bizi edo garajeren bat dugunari, nahi dugunean kalearen sarreran dagoen pibota jaitsi eta pasatu ahal izateko txartela eman zitzaigun. Horrekin batera administrazio-kontratua sinatu genuen banan bana alkateak eta txartela izateko eskubidea genuen guztiok, hau da kale honetan bizi edo garajeren bat dugun denok. Gainontzeko herritarrak kanpoan gelditu ziren. Hala ere egunean zehar ordu batzuetan zabalik egoten da edonorentzat, baina beti ere erabilpen mugatua eta baldintzatua izanik.
Kontratu horrekin batera “Asteasuko parte zaharreko trafikoa gobernatuko duen ordenantza”ren kopia eman zitzaigun. Bertan erabiltzaileontzat baldintza batzuk agertzen zirelarik, besteak beste: ibilgailuak geldi daitezke, bakarrik, jendea igotzeko eta jaisteko, merkantziak kargatzeko eta deskargatzeko, edo ibilgailua bera gordetzeko. Geldialdiak ezingo du izan ordu erdi baino gehiagokoa.
Gaur egungo egoera beste bat da. Txartela dugunok nahi dugunean sar gaitezke Kale Nagusian automobilarekin. Bertan nahi adina denbora utz dezakegu automobila aparkatuta: alde batetik, ordenantza onartu, sinatu eta txartela jaso genuen batzuk hitzartutako araudia betetzen ez dugulako, eta bestetik Udalak ez duelako ordenantza bete arazten eta arau-hausteak suposatzen duena ez duelako aurrera eramaten.
Eta hori da kontua: Kale Nagusia, bertan bizi garenontzako aparkaleku pribatu bihurtu dela.
Nire proposamena bi aldeetara doa: erabiltzaileontzat bete dezagula ordenantza eta gainontzekoengan izan dezagula merezi duten errespetua eta Udalari ordenantza betearaz dezatela.
Oinezko kaleak dituen onurak herritar guztiok disfruta ditzagun eta berriro ere berreskura dezagun hasiera batean kalea ixteko izan zen motiboa, denok irabazten aterako gara eta.
2008/12/19