Oraindik ofizialki inauguratuta ez egon arren, Asteasu eta Zizurkil lotzen dituen bidegorria badoa aurrera eta dagoeneko erabiltzeko moduan daukagu. Herriko agintariak zoriontzeko aprobetxatu nahi dut oraingoan, Udalak egindako lan guztiak ez dira askotan herritar guztiei zuzendurikoak izaten, baina hau bai; edonork erabiltzeko moduko lana izan da.
Asteasuko plazatik atera eta Zizurkil bitartean, lau kilometro inguruko ibilbideak, ezkutuan zeuden paraje ikusgarriak bistaratu ditu, oso txoko politak. Plazatik abiatu eta Obaba kalearen bukaeran patxada handiko egurrezko zubi bat, Suchardek Sugusak jasotzen zituen almazenaren parean pasadizo polita, Pello Errotaren etxe parean errota martxan jartzeko bere garaian egindako presa, oraindik ere errota izandakoaren arrastoak agertzen dituen parajea… Eta bide guztian kolore bat protagonista bada, hori berdea da, paraje berdea da nagusi. Hau dena, bide zati handi batean erreka ondoan duelarik. Paradisu txiki bat topa daiteke bertan. Laua izatearen itxura baldin badu ere, Asteasutik Zizurkilera jaitsi egiten da eta Zizurkildik Asteasura igo, ez da gorabehera handiko bidea baina baditu tartean aldapatxo batzuk. Badirudi, oraindik jarri gabe baldin badago ere argiztapen lana ere egingo dutela. Dotore gelditze bidean doa.
Orain erabilera sustatzea tokatzen zaie Udal agintariei eta oso garrantzitsua den mantentze lana ez ahaztea. Egindakoak bukatutzat jo arren, aurrerantzean mantentze lana egitea bera bezain garrantzitsua izango da, batez ere bazterrak sasiak eta belarrak jan gabe txukun-txukun mantentzea.
Erabiltzaileei buruz, berriz, hainbat modutako erabiltzaileak ibiliko gara bertan, eta horrelakoetan, ez dut uste lehentasunik inork bereziki izaten duenik, izan ere batzuk bizikletaz erabiliko dugu baina asko oinezkoak ere izango gara; elkarri errespetatzea oinarrizkoa izango da. Bestalde batzuk aisialdian eta besteek garraiobide modura erabiliko dute: lanerako edo Zizurkilera gerturatuz bertan trena hartu eta alde batera edo bestera jotzeko. Hori litzateke hurrengo denon erronka, gure garraiobide bihurtzea, izan ere bizikletak garraiobide alternatiboa izateko aukera asko ditu, bizitza lasaiago hartzen lagunduko liguke eta presakako kontuak ahazten, ez litzaiguke batere gaizki etorriko.
Orain herri agintariei kontu pare bat, berriro ere zoriondu eta batez ere, mantenu lanen ardura ez ahazteko gogoraraztea. Eta ildo berean jarraituz, ondoan doan errekari garbitasun ona emanez, garai batean bainua hartzeko erabiltzen genuen erreka berreskuratzea. Herrian igerilekuak jartzea baino lehenago egingo nuke apustu daukagun erreka berreskuratzean.
2008ko irailaren 5a