Bai, Hitzak Hots atalean, hasieran parte hartzen nuen nire idatzitxoak bidaliaz eta azken bi urtetan ez dut kolaboraziorik egin.
Bizitzan zehar pertsonok astinduak jasotzen ditugu, asko-askotan astindu txarrak izan ohi dira, abisurik gabe eta ezustean etortzen direnak. Eta duela bi urte horrelako bat jaso ondoren, sail honetan kolaboratzeko gogo eta indarrak desagertu zitzaizkidan.
Bai hemen kolaboratu, egunerokotasuna bizi eta sentidua topatu, lanera joan eta burua bertan izan, lagunartean disfrutatu, familia bizi… Batek baino gehiagok, bizitutakoak eta bizitzen ari zaretenok jakingo duzue zertaz hizketan ari naizen.
Dena hankaz gora jartzen da momentu batean, eta gero berriro hemen gaudenok bizitzen jarraitzen dugulako, bizitzeko motiboak topatu behar ditugu, inguruan asko daudenak, baina momentuko iluntasunak ikusten uzten ez dituenak. Momentu ilunak bizitzan eta argia ikustea ezinezko egiten den momentuak.
Inguruan bakoitzak bere esperientziaz hitz egiten dizu, eta denak bat datoz, denbora dela hau dena berriro ere bere onera eramaten lagunduko dizuna. Bai, denbora eta borondatea esango nuke nik. Baina denborak ez du egoera berera ekartzen, ezinezkoa baita.
Eta horrela, oso pixkanaka, ingurua eta bakoitzaren bizia beste modu batera ikusten hasten da bat, egoera bera beste gisa batean bizitzen.
Eta aldi berean, bizitzan, betetzen zaituzten eta bizi sentiarazten zaituzten bizipen eta esperientziei berriro ekitera jotzen duzu.
Horietako bat da niretzat Aiurri, sinisten dudan proiektu bat eta merezi duena. Dagoeneko urte batzuk badaramatzagu kalean eta euskararen normalizazio prozesuan dihardugun honetan badu bere lekua, bere funtzio eta izatearen arrazoia dagoeneko.
Saiatuko naiz ahal dudan neurrian, konpromiso txiki hau hemen hartzen, beste leku batzuetan beste batzuk hartuko ditut. Eta aldian behin idatziren bat idaztea, nirea sentitzen dudan Aiurri herri aldizkariaren proiektuan parte hartuz.
2008ko apirilaren 11