Garai bateko Euskal Herriko Inauteriak, eta herri batzuetan oraindik ere, urtarrilaren 6tik aurrera ospatzen ziren –Neguko Festen egutegiaren barruan–, hainbat lekutan hilabete oso bat luzatzen omen zirelarik (gizonen osteguna, andreen osteguna, ororen osteguna…, astegunak, astebukaerak…).
Azkeneko urtetan bezala, Izartxo Aisialdi Taldean, neguko beste ekintza eta ospakizunen artean, aldi zabala ere hartu dute Inauteriek. Guretzat otsailaren 13-14eko ekitaldiak proiektu handi eta maitagarri baten helmuga pozgarria izan dira; tartean ehundaka lagunek, helburu, jarduera eta harreman ugari bizi ditugu, eta asteburu horretan, oso zoriontsuak, herriarekin batera eta herriarentzat gure ilusioak plazaratu ditugu.
Adin desberdinetako 470 pertsona (haurrak, gazteak, helduak…, gizon nahiz emakumeak) lan-talde desberdinetan koordinaturik bakeroen filma-istorio ahaztezin bat sortzen joan gara, filmaketak iraun duen bi hilabete hauetan. Protagonistek elkarrekin hamaika trebezia landu dugu adiskide giro jator eta adeitsuaz: ideiak proposatu, hautatu, adostu, jantziak eta karrozak diseinatu, atondu, abestu, dantzatu, topa egin… Eta egunez-egun agerraldi zoragarriak gauzatu ditugu elkarbizitza, sormena, umorea, barreak, laguntasuna eta maitasuna islatuz.
Atal ororen muntaia egin ostean, aurreko asteburuan film goxo eta dibertigarria estreinatu genuen Andoaingo kaleetan. Eta guzti hori ere gure herriari eskaini diogu, Andoaingo Inauteriaren alde. Gora Izartxo-Bakeroak! Gora Andoaingo Inauteriak!