Euskadin ekintzaileak behar dira. Herri gisa dugun erronkaren jakitun, Euskal Lanbide Heziketak ekitearen garrantzia sustatzen du ikasleen artean. Negozio bat abian jartzeko asmoa izan dezakete, edo enpresetan langile gisa sartzekoa, hori ere ekiteko beste modu bat baita. La Salle Berrozpen badakite ekitea “ere” ikasten den zerbait dela, landu daitekeela. Horregatik, “Enpresa eta ekimen ekintzailea” moduluaren bidez, ikasleek hainbat trebetasun eta gaitasun garatzen dituzte, besteak beste, taldean lan egitea, sormena, ekimena, erantzukizuna, arriskuak beregain hartzea…
Aurkezpena abenduaren 19an
Ekintzailetza bultzatzeko erronkaren ildotik, La Salle Berrozpeko Lanbide Heziketako ikasleek simulatutako enpresen proiektuak landu dituzte. Lan horiek izango dira, hain zuzen, datorren ostegunean, hilaren 19an, 10:00etatik 14:30era Juanita Alkain plazan ikusgai jarriko dituztenak. Herritar guztientzat zabalik egongo den karpa ipiniko dute bertan, eta gune horretan ekintzailetza-proiektuei buruzko kartelak eta posterrak erakutsiko dituzte.
Gainera, bisitariek gehien gustatu zaien kartelaren edo proiektuaren aldeko botoa emateko aukera izango dute, herriko dendarien Salkin elkartearekin batera antolatutako ekimenari esker. Bozketan parte hartuko dutenen artean, elkarteko dendetan gastatzeko txartela zozkatuko da. Era berean, proiektu irabazleak ere saria jasoko du, Andoaingo dendetan gastatu ahal izango duena.