La Salle Berrozpek online musika lantegia egingo du ostegunean, hilak 17, 2019an jaiotako haurren familientzat

Erabiltzailearen aurpegia La Salle Berrozpe 2020ko abe. 10a, 11:35

Musika oso tresna baliagarria da adin txikiko haurrentzat, besteak beste haurraren psikomotrizitatea, estimulazioa eta emozioak suspertzen ditu eta. Hezkuntza Musikalak haurra alai egon dadin laguntzen du, haren aldarte emozionala altxatzen du, eta haren gaitasun artistiko musikalak garatzen.

Hain zuzen ere, hori agerian jartzeko asmoz, azaroaren 17an, ostegunean, 17:30etik aurrera, La Salle Berrozpe ikastetxeak 2019an jaio diren haurren familientzako doako musika-lantegia egingo du. Pandemiaren ondorioz, online egingo da lantegia, eta interesatuta dauden familia guztiek har dezakete parte. 

Lantegiak helburu hau du: haurrei eta horien familiei erakustea musikak dituen onurak. Izan ere, adin txikiko haurrentzat, oraindik hizkuntza garatu ez dutenentzat, musika adierazpide bat izan daiteke. Musika soinuen eta gorputz-adierazpenen jolastzat hartu behar da, eta mugitzea, mugimenduen, ikusmenaren eta entzumenaren sentsibilizazioa eta iturri musikalekiko kontaktua sustatu. Musika-lantegia Susana Cencillo akordeoi-joleak eskainiko du, Andoaingo Soinuak musika-eskolako zuzendariak.

Haurrekin onlineko lantegia egiteko, horiek musika-tresna bat izan beharko dute. Hori horrela, izena ematen eta beren posta-helbidea uzten duten guztiek musika-tresna bat jasoko dute etxean, beren seme-alabek lantegian parte hartzeko.

Interesaturikoek www.lasalleberrozpe.eus webgunearen bidez edo 943 590 557 telefonoaren bidez eman beharko dute izena. Behin hori egindakoan, mezu elektroniko bat jasoko dute helbide batekin, onlineko plataformara sartzeko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!