La Salle Berrozperen kasuan, ia % 100eko enplegagarritasuna lortzen dute, baita pandemia-garaian ere. Ziklo horiek, berez edo prestakuntza dualari esker, lan-merkatuan berehala sartzeko aukera ematen diete gazteei, baita gero unibertsitatera jotzeko ere. Hala eta guztiz ere, zikloak ez dira guztiz betetzen, ez baitituzte neskak erakartzen.
Industria-arloko zazpi ziklo
La Salle Berrozpek industria-arloko zazpi ziklo ditu, horietatik lau goi-mailakoak, bi erdi-mailakoak eta bat oinarrizko prestakuntzakoa. Gradu horiek % 100eko enplegagarritasuna dute: Administrazioa eta Finantzak, eta Mantentze-lan Elektronikoa (biak goi-mailakoak); eta Soldadura eta Galdaragintza, eta Mantentze-lan Elektromekanikoa (biak erdi-mailakoak). Bestalde, Proiektuen Diseinuak (goi-mailakoa) % 92ko enplegagarritasuna izan du, eta Produkzioaren Programazioa Fabrikazio Mekanikoan zikloak (goi-mailakoa), berriz, % 85ekoa. Horietan guztietan, ikasle gehienek beren espezialitatean lortzen dute enplegua, prestakuntzari lotutako enplegua, alegia. Oinarrizko Lanbide Heziketari dagokionez, La Salle Berrozpek Elektrizitatea eta Elektronika zikloa eskaintzen du. Ziklo horren helburua ikasleek erdi-mailako ziklo bat ikasten jarraitzea da eta, gaur egun, hala egitea lortu dute kasu guztien % 89k.
LH Dualaren modalitatearekin ―ikasketa eta lana txandakatuz― ikasi nahi duten eta horretarako baldintzak betetzen dituzten ikasleek espezialitate guztietan izango dute horretarako aukera.
La Salle Berrozpen oso garrantzitsutzat jotzen dute heziketa-zikloek neskei zein mutilei eskaintzen dizkieten lan-aukera guztiak ezagutzea. Horregatik, gogorarazi nahi dute ekainaren 18an amaituko dela industria-arloko nahiz zerbitzuetako zikloetan aurrez izena emateko epea. Ikastetxean, bi ikasturtetan zehar garatzen diren heziketa-zikloak metodologia berritzaile batekin eskaintzen dira, erronketan oinarritua. Metodologia horrek proiektuetara bideratutako ezagutza teorikoak eta praktikoak hartzen ditu barne, benetako arazoak taldean konpondu ahal izateko.
La Salle Berrozpek eskaintzen dituen heziketa-zikloak ezagutu eta beren zalantza guztiak argitu nahi dituztenak ikastetxera etorri ahal izango dira ostegun honetan, maiatzaren 20an, 17:00etan.