Andoaingo ikastetxeak Estatuko Lanbide Heziketako SpainSkills olinpiadetan hartuko du parte datorren martxoan, Diseinu Mekanikoa-CAD modalitatean, Euskadiko EuskoSkills txapelketako modalitate berean urrezko domina irabazi ondoren. Euskadikoa Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako Sailburuordetzak antolatu du, FICOBA erakustazokan. 150 ikaslek hartu dute parte, 19 modalitatetan. La Salle Berrozpek horietako 4 modalitatetan hartu du parte (Elektronikan, CNC Fresaketan, Soldaduran eta Diseinu Mekanikoa-CADen). Urrezko eta zilarrezko dominak lortu ditu Diseinu Mekanikoan, hurrenez hurren Garikoitz M. eta Josu P. ikasleen bidez, eta zilarrezkoa eta brontzezkoa Elektronikan, Julen B. eta Ander B. ikasleen bidez. Garikoitz M. bere irakaslearekin joango da Madrilera.
Ildo horretan, 2017an, La Salle Berrozpeko ikasle bat eta haren irakaslea –Xabier Puertas, ikastetxeko Lanbide Heziketako egungo zuzendaria– WorldSkillsen lehiatu ziren, Abu Dabin, SpainSkillsen urrezko domina irabazi ondoren.