Duela 19 urtez geroztik, La Salle Berrozpek ikasle-trukeak egiten ditu Austriako GIBS izeneko ikastetxearekin. Hizkuntzetan espezializatutako ikastetxea da, eta, beraz, hango ikasleek zenbait hizkuntza ezagutzen dituzte. Trukearen bidez, Austriako hogei bat ikasle Andoaingo familiekin egoten dira urriko aste batez, eta gaztelania-eskola egokituak hartzen dituzte ikastetxean. Horrez gain, bestelako jarduerak eta txangoak egiten dituzte Gipuzkoa eta euskal kultura ezagutzeko. Austriako ikasle horiek Andoainen daude une hauetan, eta hemen egongo dira larunbatera arte.
Ondoren, abenduaren 12tik 19ra bitartean, alderantziz egingo da: La Salle Berrozpe ikastetxeko Batxilergoko 2. mailako hogei bat ikasle Austriara joango dira helburu berarekin: hizkuntzan sakontzea —kasu honetan, ingelesa— eta kultura-esperientzia aberasgarria bizitzea.
Horrez gain, aurten lehen aldiz, Austriako GIBS ikastetxeko bi ikasle La Salle Berrozpeko DBHko 4. mailako bi ikaslerekin hiru asteko kultura-trukea egitera etorri dira, eta, laster, La Salle Berrozpeko bi ikasle horiek Austriara joango dira beste hiru asterako, gaitasun pertsonalak eta profesionalak eskuratzera, batetik, eta kultura- zein hizkuntza-esperientzia hartzera, bestetik.