La Salle Berrozpe Ikastetxeak lanbide-heziketako aurrematrikulazio-epea ireki du

Erabiltzailearen aurpegia La Salle Berrozpe 2025ko mai. 9a, 13:14

Buruntzaldean ikastetxe bakarra da Fabrikazio Adimenduneko espezializazio-ikastaroa eskaintzen —% 100eko enplegagarritasuna du—, eta 2024-2025 ikasturte honetan hasi da ematen

La Salle Berrozpe Ikastetxeak lanbide-heziketako graduetarako aurrematrikulazio-epea ireki du dagoeneko, eta maiatzaren 23ra arte iraungo du.

Guztira, 7 heziketa-ziklo eskaintzen ditu ikastetxeak: Elektrizitatea eta Elektronika, oinarrizko lanbide-heziketakoa; Mantentze Elektromekanikoa eta Soldadura eta Galdaragintza, erdi mailakoak; eta Administrazioa eta Finantzak, Mantentze Elektronikoa, Fabrikazio Mekanikoko Diseinua eta Produkzioaren Programazioa Fabrikazio Mekanikoan, goi-mailakoak. Gainera, Fabrikazio Adimenduneko espezializazio-ikastaro bat ematen du. Ziklo horiek % 80tik gorako batez besteko enplegagarritasuna dute.

Gainera, 2024-2025 ikasturte honetan, berritasun moduan, Fabrikazio Adimenduneko espezializazio-gradua ari da ematen, Instalazioa eta Mantentzea adarraren barruan. Horrenbestez, espezializazio-ikastaro hori ematen duen Buruntzaldeko ikastetxe bakarra da. Espezializazioko gradu horrek —E deritzo— 900 ordu iraungo du, eta goi-mailako gradu hauetako ikasketak amaitu dituzten ikasleak sar daitezke bertan: Fabrikazio Mekanikoa, Diseinua edo Elektronika, Automatizazioa eta Robotika, Mekatronika, eta Sistema Elektrotekniko eta Automatizatuak.

Fabrikazio Adimenduneko espezializazio-ikastaroaren bidez, ikastetxeak beste apustu bat egin nahi izan du prestakuntza eskualdeko industriaren beharretara hurbiltzeko. Izan ere, enpresa askok eskatzen dute profil hori, eta, horregatik, % 100eko enplegagarritasuna izango duela aurreikusten da.

Espezializazio-ikastaro honi eta aurrematrikulei buruzko informazio gehiago eskuratzeko, ikastetxean maiatzaren 13an —17:00etan eta 18:00etan— egingo den ateak irekitzeko jardunaldira joan daiteke.

Horrez gain, hitzordua eska daiteke gradu hau eta gainerako zikloak ezagutzeko, 943 59 05 57 telefono-zenbakira deituz.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!