Lehendakari berria dugu Ikastolan. Nor da Xabier Etxeberria?
Lehentik eta behin, Orereta Ikastolako ikasle ohia naiz (Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko partaide dena) eta gaur egun Aita Larramendi ikastolako bi ikasleren aita. Marta, nere emaztea, Aita Larramendi Ikastolan ikasitakoa da eta argi geneukan gure alabak ere ikastolen inguruko oinarrietan hezi nahi genituela.
Nola hartu zenuen lehendakari izateko erabakia?
Ez dut uste planifikatutako erabakia izan denik, prozesu natural baten ondorioa baizik. Duela bi urte, eta nire formakuntza dela medio, artezkaritzako kide ziren bi gurasok diruzain lanetan jarduteko proposamena luzatu zidaten. Garai hartan, Bazkardoko eraikinaren eraldaketarako obren aurrekontuekin lanean ari ziren eta inbertsioaren zenbatekoa ikusita, arlo ekonomikoaz arduratuko zen norbait barneratzea komenigarria zela uste zuten.
Ikastolaren proiektuan parte hartzeko ideiak berehala erakarri ninduen. Ondoren etorri dena, prozesu natural baten ondorioa besterik ez da izan. Artezkaritzako kide bezela bi urtez egon ostean, Andoni Etxezarreta lehendakari ohiari erreleboa emateko garaia iritsi zen eta bere lekua betetzea eskaini zidaten. Sentimendu ezberdinak pilatu zitzaizkidala onartu behar dut: ardura eta erantzukizuna alde batetik, baina baita, era berean, Ikastolari bere bidea egiten laguntzeko aukera ere. Nola uko egin horrelako erronka ederrari?
Andoni urte luzez izan dugu lehendakari...
Zortzi urtetan izan dugu Andoni lehendakari eta sekulako lana egin duela azpimarratu nahi nuke. Bazkardoko eraikinen eraldaketaren kudeaketa, Txistokiko irisgarritasun eta mantentze lanen kudeaketa eta gurasoen parte hartzea bultzatzeko egindako ekimenen kudeaketa besteak beste. Bazkardoko eraikinaren eraldaketan ere parte-hartze handia izan zuen eta lan hauek oso garrantzitsuak dira, izan ere, gure ikasle txikienak Ikastolak martxan jarri duen heziketa eredu berrian hezitzea bideratuko baitute.
Aparta beraz Andoniren lana.
Plazerra izan da Andonirekin elkarlanean aritzea. Eredu paregabea izan da, eta orain guri dagokigu bidea egiten jarraitzea, nahiz eta oso urruti joaten ez diogun utziko, oraindik obren taldean parte hartzen jarraitzen baitu. Tamalez, gaur egungo egoera berezia dela eta, ezin izan diogu merezitako omenaldia egin eta zorretan gaude berarekin.
Lehendakari berria ez ezik, artezkaritza taldean ere familia berriak sartu dira. Zer da eta zertarako balio du artezkaritza taldeak? Garrantzitsua da bertan familien papera?
Ikastola, langile, ikasle eta familiek osatzen duten kooperatiba bat da. Artezkaritza ikastolako organo gorena da eta bertan ikastolari buruzko erabakiak hartzen dira. Zuzendariarekin batera, irakasle eta gurasoen ordezkariek osatzen dugu: guztira 13 lagun. Bide batez, 13 lagun horietatik 7 gurasoak direla azpimarratzea garrantzitsua iruditzen zait. Argi geratzen da, era honetara, gurasoek ere parte hartzen dugula Ikastolaren erabaki eta zereginetan.
Askotan ikastolako zuzendari edo lehendakariari erreparatzen diogu baina azpimarratu nahi nuke artezkaritzako beste kideek ere paper garrantzitsua dutela, bakoitzak arlo konkretu baten ardura hartzen baitu, hala nola, obrak, festak, kontratazioa, komunikazioa, gurasoen ordezkariekin lotura eta beste hainbat jardun. Momentu honetan artezkaritzako guraso kide gara Gabino Agudo, Alaitz Lertxundi, Larraitz Amondarain, Andoni Arando, Oihana Sanchez, Jaione Ugalde eta ni neu.
Bada orduan konpromezua hartu nahi duen inor.
Bai, batez ere azken urteetan. 2020. urte bukaeran deialdi berri bat egin zen artezkaritza uzten zuten zenbait familien lekua betetzeko, izan ere ordezkaritza hauek epe baterako izaten dira eta, ondorioz, noinzbehinka aldaketak egon ohi dira kideen artean. Jasotako erantzuna oso ona izan zen eta familiek beren seme-alaben hezkuntzan duten inplikazioaren adierazgarri moduan hartu dezakegu. Hau oso garrantzitsua da nire ustetan.
Zein dira lehendakari berriak esku artean dituen erronkak?
Nik bi zatitan banatzen ditut etorkizuneko erronkak. Alde batetik, epe ertainera bideratu beharreko erronkak plazaratu nahi nituzke. Familiekiko harreman estuago bat lortzea ezinbestekoa dela uste dut. Gure seme-alaben heziketan gurasoen partaidetza sustatzea ezinbestekoa da. Hasieran esan dudan moduan, Ikastola ikasle, langile eta gurasoek osatutako kooperatiba bat da eta horrek elkarlana esan nahi du.
Bestalde, eta epe ertainari erreparatuz, euskararen erabilera sustatzea ere oso garrantzitsua dela iruditzen zait. Ikastolako eremutik haratago, gazteen artean euskararen erabilera bultzatzea denon artean kudeatu beharreko ezinbesteko erronka da eta indartsu eutsi behar diogu gaiari.
Epe ertainaz ari ginen baina epe luzerako erronkak ere badaude.
Ikastolen hezkuntza ereduak gure gizartean duen onarpen maila handia da gaur egun eta hurrengo belaunaldientzat ere erreferentziazko egitura izaten jarrai dezan saiatu behar dugu. Horretarako ikastolek gizartearekin batera bilakatzen ikasi behar dugu, hezkuntza eredu berrietara egokituz baina baita geurea den berezko nortasuna galdu gabe.
Ikastolen elkarteak sintesi lana egin du zentzu horretan, “Gaurtik da bihar” endekalogoa (informazioa hemen) plazaratu duelarik. Bertan ikastolen nortasuna eta jarraitu beharreko bidea zehazten da, hala nola, unibertsaltasuna, hezkidetzan oinarritzen den sistemaren aitorpena, inklusibitatea edo eredu publiko-herritarraren sorrera, besteak beste.
Zein da Ikastolaren etorkizuna?
Argi dago jaiotze tasaren jaitsierak hezkuntza ereduaren hausnarketa batera bideratuko gaituela. Ikastolek gure eredua bermatzen saiatu behar dugu, kalitatezko euskal hezkuntza sisteman sinesten baitugu eta horretarako ezinbestekoa da lanean jarraitzea, elkarlana bultzatzea eta martxan daukagun eredua bultzatzea. Hori da ikastolen lana eta hori da Andoaingo Ikastolak jarraitu beharreko bidea.