URRUZUNO LITERATUR LEHIAKETAN SARITUA

Naroa Asensio Gaston Ikastolako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza 3. mailako ikaslea da. Ikasturte honetan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak antolatzen duen Urruzuno literatur lehiaketan saritua izateaz gain, Teodoro Hernandorena Ipuin lehiaketan ere 1. saria eskuratu zuen.

  •  Naroa, irakurle amorratua zara. Zer gustazen zaizu gehiago: idaztea ala irakurtzea?

Egia esan ez nuke aukeratzen jakingo. Irakurtzea asko gustatzen zait, beste norbaitek pentsatutakoa nire buruan imajinatzea, idatzita dagoen zerbaitekin ezagutzen ez dudan norbaitera bidaiatu eta bertan gertakariak “bizitzea”. Jakin-min handia sortzen didate liburuek, ipuin eta nobelek.
Baina idaztea ere oso gustuko dut. Nire ideia propioak eduki, idatzi, beste zerbait burura etorri, berridatzi eta emaitza bat eskuratzea. Ondoren, dena irakurri eta piska bat aldatu zuzendu ondoren, eta istorio on bat eskuratzean sentitzen dudan plazerra izugarria da.

  • Zein motatako irakurketak atsegin dituzu?

Liburu mota asko irakurri izan ditut, baina nire gustukoenak, oraingoz, misteriozkoak eta fantasiazkoak dira. Euskarriari dagokionez, normalean, liburuak fisikoan irakurtzea gustatzen zait, baina baten-batean formatu digitalean ere irakurri izan dut, eskuragarritasun edo prezioaren ondorioz.

  • Idazten duzunean zein pauso ematen dituzu?

Lehenik eta behin, gaia pentsatzen dut, ipuinaren testuingurua: Non, zer, nola… Ondoren, pertsonaia nagusiaren xehetasunak zehazten saiatzen naiz: Adina, izaera, itxura fisikoa… Batzuetan, hau dena moldatzen joaten naiz ipuinean zehar, ekintza ezberdinetan haren izaeraren zati gehiago erakutsiz. Beste batzuetan, hasieran pentsatu bezala uzten dut. Normalean, gertakariak gehiegi pentsatu gabe ateratzen zaizkit, idazten hasi eta askotan ez naiz gelditzen ipuin erdia idatzi arte. Ipuina bukatzean, dena begiratu, gutxien gustatzen zaizkidan zatiak aldatu eta zuzenketak egiten ditut.

  •  Zer egiten zaizu zailena?

Normalean, zailena ipuinaren gaia pentsatzea iruditzen zait. Ipuina hasi berritan, edo oraindik hasi gabetan, ez dakit zeri buruz hitz egin, eta denbora behar izaten dut pentsatzeko. Beste batzuetan, ipuinaren bukaera garatzea ere kosta izan zait, ez zait bururatzen ipuinari bukaera borobila emateko modu bat.

  • Irakurzaletasuna pizteko, eskoletan derrigorrezko irakurketak egokiak direla pentsatzen duzu? Ala aurkako ondorioak izan ditzaketela uste duzu?

Ni irakurtzearen oso aldekoa naiz. Orokorrean ikastolan irakurri behar izan ditudan liburuak gustatu zaizkit, interesgarriak egin zaizkit, baina ulertzen dut, bakoitzaren gustuen arabera batzuei ez gustatu izana. Hala ere, nire iritziz, eskoletan, denek ez lukete liburu bera irakurtzera behartuak izan behar, aukera ezberdinak ematea aukera hobea da, edo liburu aukeraketa librea egitea. Hori bai, irakasleari ondo iritzitako liburuak, dagokion adin bueltakoentzat zuzenduak. Hau esateko arrazoi nagusia, ume eta gazte askori eskolan irakurritako liburuak gustatzen ez zaizkiela da, eta irakurtzea, gustuko ez duten lan bat bezala hartzen dute hasieratik, ez entretenimendu bat bezala. Bakoitzak nahi duena irakurriz, irakurtzen disfrutatzen ikasteko aukera gehiago dagoela iruditzen zait.

  •  Zein liburu aholkatuko zenioke zure adineko gazte bati?

Niri, pertsonalki, Mary Robinette Kowalen La astronauta sagako Hacia las estrellas liburua asko gustatu zait. 50eko hamarkadako emakume batetaz hitz egiten du, gerrako pilotua, eta astronauta izan nahi duena. Baina garai hartako gizartea ez dago “emakume gogor” bat ikusteko prest, eta gutxietsi egiten dituzte. Historia oso interesgarria da, eta garai hartako gizartea  erakusten digu.

  • Uda honetarako ba al darabilkizu izenbururik buruan?

Duela gutxi Joseba Sarrionandiaren Munduari buelta eman zion ontzia oparitu zidaten, beraz lehenik eta behin, hori irakurtzeko asmoa dut. Lehenago aipatu dudan La astronauta sagako bigarren liburua, El destino celeste ere irakurtzeko irrikitan nago. Azkenik, Joana Marcúsen Fuego trilogia irakurtzeko gogoz nabil. Joanaren beste liburu batzuk irakurriak ditut, beraz ea bilduma hau nolakoa iruditzen zaidan!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!