Diotenez, munduko edozein pertsonarekin kontaktuan jartzeko, gehienez hamar telefono deik osatutako katea omen dago. Guk telefono dei bakarra behar izan genuen Olatz Zugastiri gure ikasleek abestu zuten kanta bidaltzeko eta badakigu ilusio berezia egin ziola Olatzi Andoaingo Ikastolako ikasleek abestu zuten kantak.
Olatz Zugastik dionez, Bizirik gaudelako, Ikastola batek bera sortu zuen herriari kantatzen dion maitasun-abestia da. Guk ere espreski kanta eder hau aukeratu genuen Juanita Alkain zenari gure omenaldi txikia egiteko.
Baina ez pentsa gure ikasleek abestutako kanta Olatz Zugastiren etxeraino soilik iritsi zenik. Olatzek euskaraz hitz ederrak josi zituen bezala, jatorrizko abestia Brendan Graham irlandarrak asmatu zuen. Jatorrizko kantak Isle of hope, isle of tears (itxaropenaren irla, malkoen irla) izena du eta bertan, Irlandatik Estatu Batuetara bizi berri baten bila doan neskato migratzaile baten istorioa kontatzen du. Eta bai, Olatzek Brendani eman zion gure ikasleek eta lankideek egin zutenaren berri. Irlandaraino iritsi zen LH2koen kanta!
Eskerrik asko Olatz eta míle buíochas, Brendan!